Politika -

Bilbon

Margoa eta paskinak bota dituzte Idoia Mendiaren etxeko atean

PSE-EEren iritziz, gertatutakoa ekintza "faxista" da. Mezuek Patxi Ruiz presoaren gose- eta egarri-greba zuten hizpide. Asteazkenean, presoaren aldeko auto batzuk Mendiaren etxe aurrean izan dira.

Idoia Mendia eta Alfonso Gil bikotekidea, euren etxearen aurrean. Argazkia: EFE.
Idoia Mendia eta Alfonso Gil bikotekidea, euren etxearen aurrean
Idoia Mendia eta Alfonso Gil bikotekidea, euren etxearen aurrean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erradikal batzuek margo gorria eta Patxi Ruiz ETAko presoaren aldeko panfletoak bota dituzte astearte gauean Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiaren etxearen aurrean, Bilbon. Ruiz gose- eta egarri-greban dago.

PSE-EEk berak "faxistatzat" jo du gertaturikoa; izan ere, "ETAren eta haren inguruaren jazarpenetara eta mehatxuetara eramaten gaitu".

PSE-EEren iturriek jakinarazi dutenez, paperetan ondorengo mezuak agertu dira: "Patxi Ruiz gose- eta egarri-greban", "Idoia Mendia eta PSOE hiltzaileak", eta "Amnistia osoa".

Panfletoak botata, ekintza egin dutenek margo gorria bota dute Mendiaren eta haren senarraren etxeko atariaren aurrean. Alfonso Gil Bilboko alkateordea da Idoia Mendiaren bikotekidea.

Azken astean, ezker abertzalearen sektore disidenteak pintaketak egin ditu, antzeko mezuekin, EAJren hamaika batzokitan eta PSE-EEren eta Podemos Euskadiren zenbait lokaletan. Alderdi horiek EH Bilduri eta Sorturi eskatu diete jendaurrean gaitzesteko ekintza horiek.

Sare sozialen bidez, Iñigo Urkullu lehendakariak Mendiaren etxebizitzaren aurkako erasoa bezalako gertaerak "barkaezinak, justifikaezinak eta onartezinak" direla adierazi du, baita "horren aurreko isiltasuna" ere, ezker abertzaleari erreferentzia eginez.

Foro Sozial Iraunkorrak egindakoa bezalako erasoek zaildu egiten dutela ETAko presoentzat "konponbiderako" akordioa lortzea uste du.

Txio batean, Foro Sozialak alderdi politikoen "aho bateko erantzuna" baloratu du. "Horrelako ekintzek zaildu egiten dute adostasunak ezartzea, presoei konponbide integrala emateko. Konponbideen garaia da", gaineratu du.

Alderdi guztiek ekintza salatu dute

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak "mespretxua" agertu die Mendiaren etxebizitzari eraso egin dioten "euskal faxistei eta abertzale faltsuei", eta ekintza horren egileek "iragan beltzera" itzuli nahi gaituztela adierazi du. Twitter bidez zabaldutako mezu batean, jeltzaleak "babesa eta gertutasuna" adierazi die PSE-EEko idazkari nagusiari, bere familiari eta euskal sozialistei, eta "iragan negargarri batera itzuli nahi gaituzten faxista eta abertzale faltsu horiei mespretxua eta gaitzespena" adierazi die. "Ez dute lortuko, ez diegu utziko", ziurtatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaile eta lehendakarigaiak babesa adierazi dio Idoia Mendiari, eta adierazi du horrelako ekintzek ez dutela "bakerako bidean aurrera egiten laguntzen". Twitterren argitaratutako mezu batean Iriartek adierazi duenez, "bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzan aurrera egiteko urrats sendoak eman behar dira, eta gaurkoa bezalako ekintzek ez dute horretan laguntzen; urrundu egiten gaituzte".

Ana Viñals Elkarrekin Podemosek Bilboko Udalean duen bozeramaileak adierazi duenez, horrelako erasoek "gizartea zatitzen dute eta demokrazia murrizten dute". Twitterren bidez, Viñalsek babesa helarazi dio Mendiari. "Egon gaitezen egungo egoerak eskatzen duen mailan eta aurrera egin dezagun gure herrialdeko bizikidetzarantz", gaineratu du.

Carlos Iturgaiz PP+CS koalizioko lehendakarigaiak gertatutakoa "onartezina eta nazkagarria" dela azpimarratu du. Twitter bidez zabaldutako mezu batean adierazi duenez, "gizarte honen zepa diren ezker abertzaleko proetarrek egin dituzte egunotako ekintzak", PSE-EEren, EAJren edo Elkarrekin Podemosen egoitzen aurka egindako erasoei aipamen eginez.

Asteazkenean, Patxi Ruizen aldeko kartelak, Mendiaren etxe aurrean

Asteazken honetan, gertakariak jazo eta ordu batzuetara, Patxi Ruiz ETAko presoaren aldeko kartelak zeramatzaten autoen ilara bat Idoia Mendiaren etxearen aurrean ibili dira, Bilbon.

Arratsaldeko zortziak jota gertatu da. Ertzaintza eta Udaltzaingoa autoen ilara zaintzen ari ziren, eta Bilbotik ibili da; ibilbidean, Mendiaren etxea ere sartu dute.

Bertatik igaro denean, ibilgailuak gelditu egin dira, eta klaxona jo dute. Autoetan, presoaren aldeko kartelak zeuden.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo berriak Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak bideoak Idoia Mendia Euskadi Ta Askatasuna albisteak PSE-EE Bizkaia Alfonso Gil Eguneko albisteak Albisteak