Politika -
Hauteskundeak EAEn
Hauteskundeei begira posta bidezko botoa bultzatzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak
COVID-19aren eraginez berrogeialdian egon behar duten hautesleei botoa emateko errazteko neurriak proposatu ditu Jaurlaritzak. Aurrez aurreko botoen kasuan, segurtasun neurriak bermatzea da helburua.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak hiru txosten helarazi dizkie alderdiei hauteskundeak uztailean egiteko asmoa babesteko. Txosten horiek segurtasun arloa, osasun arloa eta arlo juridikoa jorratzen dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak egindako txostenak posta bidezko botoa bultzatzea eta koronabirusaren ondorioz berrogeialdian daudenena erraztea proposatzen du.
Txostena lehendakaria eta Legebiltzarreko alderdiak ostegun goizean egiten ari diren bileran aztertuko dute. Bilera horretan, COVID-19aren eraginez apirilaren 5erako deituta zeuden eta atzeratu ziren hauteskundeen data berria adosten saiatuko dira.
Txosten horretan, Segurtasun sailak posta bidezko botoa eta pandemiaren ondorioz berrogeialdian daudenena bultzatzeko beharrezkoak diren tresnak martxan jartzeko eskatzen du.
Hauteslekuetan aurrez aurre ematen den botoaren kasuan, distantzia fisikoa gordetzeko neurriak eta higienea eta babesa ziurtatzen dutenak bermatzea eskatzen du, hauteskundeetan lanean ari direnentzat eta hautesleentzat.
Halaber, apirilaren 5erako prestatutako kanpainak aldatzea eskatzen du eta posta bidezko botoa bultzatzen dutenak eta osasun eta segurtasun neurriak azaltzen dituztenak prestatu.
Hauteslekuak egokitzea
Bestalde, txostenak 10 pertsona baino gehiagoko hauteslekuak egokitzea eskatzen du, beharrezkoa izanez gero, hautesleku berriak bilatuta, beti ere irisgarritasun irizpideak betetzen dutenak eta mahai horietako hautesleen bizitokietatik gertu daudenak.
Horrekin batera, adinekoen egoitzetan edo epe luzerako zainketetako zentroetan dauden hauteslekuak beste leju batzuetan jarri beharko liratekeela esaten du, adinekoak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak ahalik eta arrisku gutxien izateko.
Era berean, posta bidezko botoa eta atzerritik egiten dena kudeatzeko garaian, Hasteskunde-Batzorde Zentralak eskaera egiteko eta botoa bidaltzeko epeak luzatzea eskatu du.
Konfinatuen botoa
Gainera, Hasteskunde-Batzorde Zentralari eskatu dio konfinatuta, berrogeialdian eta ospitaleratuta dauden pertsonen botoa ahalbidetzeko prozedura abian jartzeko, espetxeetan egiten denaren antzekoa. Prozedura horretan, Correoseko langileak hauteslearen etxera, egoitzara edo ospitalera joango lirateke botoa jasotzera.
Prozedura hori erabili nahi edo behar duenak, INE Espainiako Estatistika Institutura deitu beharko luke botoa postaz egin nahi duela abisatzeko. INEk beharrezko dokumentazioa prestatuko luke eta Correoseko langileek dokumentazioa behar den tokira eramango lukete.
Eskaera hautesleari helaraziko liokete identifikazioa aurkeztu eta sinatu dezan; ondoren, sinatutako eskaera hartu eta gainontzeko dokumentazioa emango liokete botoa eman ahal izateko. Botoa edozeinek eraman dezake Correoseko edozein bulegora.
65 urtetik gorakoak
Botoa beste pertsona baten bidez eman behar dutenen kasuan, osasun ziurtagiria aurkeztea beharrezkoa ez izatea erabaki daiteke 65 urtetik gorakoen kasuan, arrisku taldearen barruan daudelako. “Horretarako, Hauteskunde-Batzorde Zentralak aukera hori indarrean ez jartzea behar da”, esan du Urkulluk.
Gainera, eta hauteslekuetan jendetza biltzea ekitideko, herritarrei botoa posta bidez nola eman azaltzeko kanpaina bat abian jartzea gomendatzen du.
Hauteskunde kanpainari dagokionez, mitinetan eta bileretan distantzia fisikoa gordetzeko neurriak ezartzea eskatzen du, osasun agintarien aginduei jarraituta.
"Udazkena eta negua ez dira uda bezain aproposak"
Osasun txostena Iñaki Berraondo sailburuordeak egin du eta COVID-19aren egoerak irailetik aurrera okerrera egin dezakeela ohartarazten du, birusaren hedapena ohiko gripearenarekin batera eman daitekeelako.
Deseskalatzea “kontu handiz” eginez gero, uztailean herritarrek eguneroko “ohiko joan-etorriak” egiteko aukera izango dutela azpimarratzen du, hori bai, higiene eta distantzia neurriak gordeta.
Antza denez, uda garaian “hauteskundeetan beharrezkoak izaten diren mugimenduak posible izango dira”, baina hauteslekuetan eta hauteskunde kanpainan derrigorrezko babes neurriak hartu beharko dira.
Txostenaren arabera, pandemiak izan dezakeen bilakaera aurreikustea ezinezkoa denez, udazkena eta negua “ez dira uda bezain aproposak hauteskundeak egiteko”.
Hauteskundeetarako bi data jartzeko aukera
Txosten juridikoa Sabino Torre sailbururdeak egin du eta, horren arabera, hauteskundeak legealdia amaitu aurretik egin behar dira. Txostenaren gai nagusia hauteskundeak deitzea eta COVID-19aren berpiztearen ondorioz atzeratu behar izatearen aukera da.
Kasu horretan, sailburuordeak dio “zentzua izan dezakeela” lehen data bat eta gero bigarren bat aukeratzea, data “subsidiarioa”, osasun agintariek bigarren osasun larrialdi bat ezartzeko beharra izan dezaketela kontuan izanda.
“Hori gertatuko balitz, bigarren data subsidiariora begira botoa emateko eskubidea bermatzen duten tresna guztiak indarrean mantenduko lirateke”, dio txostenak.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.