Politika -
EAEko hauteskundeak
Elkarrekin Podemosek EAEko hauteskundeak gutxienez irailerako uztea eskatuko du
"EAJren deseskalatzearen 0,5 faseak desosegu sakona sortu du, eta Gurutzetan atzo gertatutakoa hauteskundeez hitz egiteko girorik onena ez dela erakusten du", adierazi du Gorrotxategik.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegunean alderdiek Iñigo Urkullu lehendakariarekin egingo duten bileran, deseskalatzearen fase guztiak amaitu arte EAEko hauteskundeak ez deitzea eskatuko du Elkarrekin Podemosek. Horrek gutxienez irailera eramango lituzke hauteskundeak.
Prentsaurreko telematiko batean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaren iritzian, ez da hauteskundeez hitz egin behar normaltasun berriaren "lehen egunera arte", eta hori, kasurik onenean, ekainaren azken egunetan izango dela azpimarratu du. Ondoren, 56 egun igaro behar dira hauteskundeak deitu eta egin arte, gogoratu duenez.
"EAJren deseskalatzearen 0,5 faseak atsekabe sakona sortu du, eta atzo Gurutzetan gertatutakoa (ospitaleko sindikalistek lehendakariari egindako protesta zaratatsua) hauteskundeez hitz egiteko girorik onena ez dela erakusten duen adibidea baino ez da", adierazi du Gorrotxategik.
Hautagaiak deitoratu egin du lehendakariak hauteskundeei buruz hitz egiteko alderdiak "soilik" deitu izana, eta, atzera egin nahi ezean, deseskalatze garairako ezarritako irizpide zientifikoak eta sanitarioak bete behar direla nabarmendu du. Hori zein garrantzitsua den erakusteko Alemanian edo Hego Korean gertatutakoa ekarri du gogora; izan ere, horren esanetan, egoera "hobean" zeuden arren, atzerapenak izan dira deseskalatze prozesuan.
"Egoera honetatik ateratzea da lehentasuna. Dena ondo badabil eta normaltasunera iristen bagara, orduan hauteskundeez hitz egingo dugu eta prozesu osoa amaituko dugu", gaineratu du.
Gorrotxategiren arabera, lehendakariaren eskumen esklusiboa da hauteskundeak deitzea, alarma-egoerak ez du horretan eraginik, eta horregatik ez du EAEko hauteskundeen inguruan ezer esaten PSOE eta Ahal Duguren gobernuak alarma-egoera luzatzeko azken dekretuan.
Euskadik 1 faserako izan duen "deseskalatze partikularrarekin" Eusko Jaurlaritzak eragin duen "informazio kaosa eta ziurgabetasuna" kritikatu ditu hautagaiak, eta ukatu egin du Gobernu zentralak hori ahalbidetu izana EAJren zuzenketak onartzean.
Bestalde, Pilar Garrido diputatuak adierazi duenez, "ez da onargarria Eusko Jaurlaritzak krisia gizarteari bizkar emanda kudeatzea, neurri hutsekin eta jarrera alderdikoiekin".
Garridok eta Gorrotxategik krisialditik ateratzeko Euskadin "aliantza" baten beharra azpimarratu dute, eragile politiko eta sozial guztiek parte har dezaten.
Elkarrekin Podemosek gizarte neurriekin eta ekonomiaren trantsizio ekologiko baterako "itun berde eta morea" lantzen ari direla azaldu dute.
"Ezin da euskal oasiaren normaltasun batera itzuli enplegu prekarioekin, ordaindu ezineko alokairuekin, behar dutenen % 30 kanpoan uzten dituen diru-sarrerak bermatzeko errenta batekin, osasun publiko ahularekin eta lotsa eragin duten egoitzekin", azaldu du Garridok.
Diputatuak adierazi du Elkarrekin Podemosek diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatuko duela 18 urtetik gorakoentzat, "duintasunez bizitzea" ahalbidetuko duena.