Politika -
Koronabirusa
Deseskalatzearekin batera euskal presoak gerturatzea eskatu dute
Etxeratek, Sarek eta Salhaketak adierazpen bat sinatu dute kartzeletan egiten ari diren pandemiaren kudeaketa salatzeko, ez direlako nazioarteko erakundeen aholkuak betetzen ari.
agentziak | erredakzioa
Urtzi Errazkin Etxerat euskal presoen senideen elkarteko bozeramaileak presoak Euskal Herrira "gerturatzea" eskatu du "ahal denean, deseskalatzea hasi den honetan".
"Iraganeko errezetei erantzuten dieten atzerapenik" eta "salbuespen egoerarik gabe" prozesu hori martxan jartzeko eskatu du, "guztiontzat horren gogorra" izaten ari den COVID-19aren pandemiaren "ziklo honetan", "behingoz kargarik gabe eta sufrimendua pilatzen jarraitu gabe" euskal gizarteak normalkuntzarantzat aurrera egin dezan.
Etxeraten buruzagiak adierazpen horiexek egin ditu prentsaurreko telematiko batean, Joseba Azkarraga Sareren bozeramailearekin eta Cesar Manzanos Arabako Salhaketaren buruarekin batera, kartzeletan pandemia nola kudeatu duten kritikatzeko sinatu duten adierazpenaren aurkezpenean.
Errazkinek azaldu duenez, "osasun larrialdi egoera ezarri zenetik espetxeetan hartu dituzten neurriekin", Espainiako eta Frantziako gobernuek lortu dutena da "presoak izatea pertsona isolatuenak eta, aldi berean, egoera arriskutsuenean daudenak COVID-19aren aurrean".
Etxeratek aste honetan bertan txosten bat argitaratuko omen du presoen senideek emandako informazioarekin, eta lan horren ondorio nagusia omen da espetxe agintaritzaren lehentasuna presoak "espetxean edukitzea dela lehentasuna, eskubideak, arauak eta NBEren MOEren eta Europako Kontseiluaren aholkuak bazterrean utzita".
Horren harira, Frantziako Estatuan pandemia hasi zenetik libre utzi dituzten 6.000 presoetatik ETAkoa "bat bera ere ez" dela salatu du, eta gogorarazi "sei gutxienez gaixo daudela edo oso zaurgarriak izateko adinak" dituztela. Espainiako Estatuan, berriz, inor ez dutela askatu azpimarratu du, eta "kasu apurren batean bideodeiak" egiteko aukera eman diotela presoren bati "familiarekin komunikatzeko".
Bestalde, Joseba Azkarragak esan du presoen "portzentaje altu batek" bete egiten dituela "nazioarteko erakundeek familiarekin egotera etxera bidaltzeko" eman zituzten jarraibideak, adinekoak direlako, askok gaixotasun larriak dituztelako eta 161ek 15 urtetik gora daramatelako kartzelan.
Manzanosek adierazpenaren puntu garrantzitsuenak laburbildu ditu, eta horien artean aipatu ditu nazioarteko erakundeek emandako aholkuak bete ez izana, preso guztiei eta funtzionarioei testak egin ez izana, eta prebentzio eta arreta egitasmo berezirik ez edukitzea.
Manzanosek, era berean, "Eusko Jaurlaritzak izan duen jarreran" ere jarri du azpimarra, "espetxeetako osasun eta segurtasun arloen eskumena" duelako.