Politika -

Koronabirusa

Alarma-egoeraren laugarren luzapena, kolokan

PPk aurreratu du ez duela horren alde bozkatuko, baina ez dago argi abstenituko den ala kontrako botoa emango duen; azken horrek gako bilakatuko lituzke Ciudadanos eta EAJ. ERCk aurka bozkatuko du.

El Congreso debate este miércoles la prórroga del estado de alarma. Foto: EFE.
El Congreso debate este miércoles la prórroga del estado de alarma
El Congreso debate este miércoles la prórroga del estado de alarma. Foto: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak asteazkenean eztabaidatuko du, laugarren aldiz, Espainiako Gobernuak COVID-19aren pandemiari aurre egiteko martxoaren 14an dekretatutako alarma-egoeraren luzapena. Kasu honetan, aurrekoetan ez bezala, bozketaren emaitza ez dago argi; Pedro Sanchezen Gobernuak alarma-egoera luzatzea eskatuko du, baina osoko Bilkuraren egunera arte jarraitu beharko du hitz egiten gainerako alderdiekin.

Orain arte Kongresuan egindako bozketetan, Espainiako Gobernuak babes gero eta txikiagoa eskuratu du: lehenengo eztabaidan, martxoaren 23an, ez zen aurkako botorik izan; bigarrenean, apirilaren 9an, Voxek eta CUPek ezezkoaren alde egin zuten; eta hirugarren Bilkuran, apirilaren 22an, JxCatek ere eman zuen aurkako botoa. Ondorioz, aurkako 62 boto izan ziren.

PPk, alegia, oposizioko alderdi nagusiak, aurreratu du ez duela luzapena babestuko, "ezin du hori egin, gaur egun". Pablo Casadok astelehen honetan ziurtatu duenez, alarma-egoera luzatzeak "ez du zentzurik"; Casadoren esanetan, Espainiako Gobernuak modu aldebakarreko jarrera du, ez du informaziorik ematen, eta ez du negoziatzen.

Horren aurrean, Espainiako Gobernuak PPren gaineko presioa areagotu du, Casadoren alderdiak, orain arte egin duenez, luzapena babesten jarraitzea helburu. Gobernuaren hitzetan, PP, luzapena ez badu babesten, egon litekeen "kaosaren arduraduna" litzateke, bai eta pandemiaren berragertzeen arduraduna ere.

Beraz, ezinbestekoa izango da jakitea PP abstenituko den ala ezezkoaren alde egingo duen. PSOEk eta Unidas Podemosek, guztira, aldeko 155 boto emango dituzte; PRCren, Teruel Existeren, Mas Paisen eta Compromisen aldeko botoak ere izango dituzte. Asteazkeneko bozketan, ez luke arazorik izango PP gutxienez abstentzioan geratuko balitz; hori bai, Pablo Casadoren alderdiak erabakiko balu ezezko botoa ematea, alarma-egoeraren aurkako botoak 166 izango lirateke, eta gainerako alderdi batzuen iritzia gakoa izango litzateke.

ERCk kontrako botoa emango du

Voxek, CUPek eta JxCatek, berriro ere, arbuiatu egingo dute luzapena. Astelehen arratsaldean, ERCk ere iragarri du ezezkoaren alde egingo duela, alegia, abstentziotik ezezkora igaroko dela. ERCren arabera, "alarma-egoera ez da baliabide egokia", eta "zentralizazioa hutsegitea izan da".

"Arduraz jokatu genuen, eta abstenitu egin ginen, Espainiako Gobernuari konfiantzazko botoa emateko. Eskumenak kendu zituzten, eta eskatu genuen hori zuzentzea. Ez dute egin. Ez dute entzun. Ezin ditugu eman gure botoak alarma-egoera hau errazteko", nabarmendu du ERCk, ohar batean.

Testuinguru horretan, Ciudadanos izan liteke erabakigarria. Alderdi horretako hamar diputatuek baiezko botoan jarraituko balute, ERCren ezezkoa orekatuta egongo litzateke. Oraingoz, Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidenteak ziurtatu du interes orokorra izango dutela kontuan, honelako bozketetan.

Sanchezen Gobernuak, astelehenean, telefonoz hitz egin du Arrimadasekin, Ciudadanoseko hamar ordezkarien babesa eskatzeko; bi aldeek adostu dutenez, negoziazioa abiatuko dute, plan bat adoste aldera, asteazkeneko bozketan luzapenaren aldeko botoa hitzartzeko.

EAJk, oraindik, ez du zehaztu zer bozkatuko duen. ERCk bezala, autogobernu handiagoa eskatu izan du azken asteotan, eta galdegin du autonomia-erkidegoek parte-hartze handiagoa izan dezatela konfinamenduaren biguntzean. PPk luzapenaren aurka egingo balu, Sanchezek beharko luke EAJk gutxienez abstentzioaren alde egitea.

Andoni Ortuzar EAJko presidentearen hitzetan, bere alderdia, une honetan, "ezezkoan egotea baino gehiago, ez gaude baiezkoan".

EH Bildu abstenitu egingo da, eta Coalicion Canariak ere berdin egingo du. Azken alderdi horren aldetik, jarrera hori berria da; izan ere, CCko ordezkari Ana Oramasek aldeko botoa eman du aurrekoetan.

Oposizioko taldeen proposamenak

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak beste bozketa bati egin beharko dio aurre asteazkenean: hain zuzen ere, oposizioko taldeek alarma-egoeraren irismenari buruzko proposamenak egingo dituzte, eta hori ere bozkatuko dute. Orain arte, PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute arazorik izan tramite hori gainditzeko, proposamenak heterogeneoak izan baitira; nolanahi ere, oraingoan gerta liteke proposamenen batek nahikoa babes eskuratzea, eta alarma-egoera puntu jakinen batean aldatu behar izatea.

Salvador Illa eta Jose Luis Abalos ministroek astelehen honetan gogora ekarri dutenez, alarma-egoera da Gobernuak bere esku duen baliabide bakarra herritarren joan-etorriak murriztu ahal izateko; halaber, ezinbestean eskatutako aldi baterako lan-erregulazioek ere behar dute alarma-egoerak indarrean jarraitzea: "Alarmarik gabe, ezinbestean izatearen arrazoia ez litzateke babestuta izango", adierazi du Abalosek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; garraio pubikoan, ahoa estaltzeko maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da, eta gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak Pedro Sánchez EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera