Politika -
Koronabirusa
Nafarroak deseskalatzea Ministerioari jarraituta egingo duela esan du Chivitek
Malgutze prozesuaren planifikazioan gizarte zibilarekin elkarlanean aritzea defendatu du Nafarroako presidenteak. Horren harian, Nafarroako Trantsiziorako Batzordea sortuko duela iragarri du.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Chivite Nafarroako presidenteak deseskalatze prozesu “asimetrikoa” bere osasun egoera eta errealitate soziala kontuan izanda egingo duela adierazi du, baina beti ere Osasun Ministerioak ezarritako irizpideei jarraituta.
Pedro Sanchezekin eta gainontzeko erkidegoetako presidenteekin bilera telematikoa egin ondoren, “marko orokorra Ministerioak zehaztuko duela” jakinda lan egingo dutela adierazi du.
Chivitek adierazi duenez, deseskalatze asimetrikoa “gure osasun eta gizarte errealitatetik” kudeatuko duela esan du, baina elkarlanean, erabakiak “Ministerioarekin” partekatuz. Hori guztia “arazo barik bateragarria” dela azpimarratu du.
Zentzu horretan, erakundeen “ardura eta leialtasuna” elkarlanarekin bateratzea posiblea dela esan du.
Nafarroako Trantsiziorako Batzordea
“Krisia transbersala dela” adierazi ostean, konfinamenduaren malgutze prozesuan gizarte zibilarekin elkarlanean aritzeko asmoa agertu du, eta, horren harian, Nafarroako Trantsiziorako Batzordea sortuko duela iragarri du.
Presidentearen iritziz, beharrezkoa da “adierazle gardenak egotea mundu guztiak zein egoeratan gauden jakin dezan”, eta “balorazio zientifikoak egiteko garaia da, ez politikoak” zehaztu du.
Deseskalatzerako irizpideak
Chivitek aditzera eman duenez, Sanchezekin erkidegoetako presidenteek izan duten bileran, deseskalatzean jarraitu beharreko irizpideak azaltzen duen dokumentua helarazi diete. Irizpide horiek epidemiologian, osasun baliabideetan eta kutsatuen identifikazioan eta kontrolean oinarritutako datuetan oinarritzen dira.
Nekazaritza
Chivitek Sanchezi egindako eskaerak ere azaldu ditu; horien artean, nekazaritzan ari direnak bere ortuetara joateko aukera izatea da, Nafarroa osoan, eta ez bakarrik euren udalerrian edo ingurukoetan.
Ikastetxeetara itzultzea
Hezkuntzari dagokionez, Espainiako Gobernuak ikastetxeetara itzultzeko aukera aztertu dezan eskatu du, osasun egoerak horretarako aukera ematen duenean, ikasturtea modu presentzialean amaitzea “positiboa litzatekeelako”.