Politika -
Apirilak 5
Monederoren babesa jaso du Gorrotxategik, Podemos Euskadiren lehendakarigai izateko
Rosa Martinezek Podemosen proiektuarekin ez zuela "jarrera irmoa" izan adierazi du Monederok, eta Gorrotxategik, berriz, "kritika askori aurre eginez", beti egitasmoa babestu duela azaldu du.
Agentziak | Erredakzioa
Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Podemos Euskadiko 'Zubiak' zerrenda alternatiboaren lehendakarigaiak Juan Carlos Monedero Podemoseko sortzaileetako baten babesa jaso du .
Gorrotxategiren aurrekanpaina ekitaldi batean hartu du parte Monederok, Bilboko Otxarkoaga auzoan. Hedabideei egindako adierazpenetan azaldu duenez, Podemosek, Espainiako Gobernuan dagoenetik, "lurraldeak berreraiki" nahi ditu, eta horretarako, "Espainiako Gobernura eraman gaituen ildoa irmoki defendatzen duen pertsona bat nahi dugu, eta Miren da pertsona hori".
"Erronka ugari ditugu Espainiako Estatuan eta Euskadin, non arazo asko alde batera utzi diren; Zaldibarko zabortegian gertatutakoa da horren adierazpen bat", azpimarratu du.
Monederoren iritzian, "aldaketaren Gobernua Espainian ordezkatzen ari dena, Podemos Euskadik hemen ordezkatzea oso garrantzitsua da".
Rosa Martinez alderdiaren sektore ofizialaren babesa duen hautagaiari buruz ere hitz egin du Monederok. Horren arabera, "Podemosen unerik zailenetan Rosa Martinezek zalantza ugari azaleratu zituen; Errejonek alderditik alde egin zuenean, besteak beste".
"Rosa Martinezek une horretan ez zuen jarrera irmorik izan, eta orain, Pablo Iglesiasek babestutakoa zuzena zela frogatu denez, egokiagoa iruditzen zait Miren Gorrotxategiren hautagaitza, hasieratik kritikei aurre eginez, Podemosen proiektua babestu duelako".