Politika -
Podemos
Gorrotxategi: "Pablo Iglesiasen proiektu politikoarekin zintzoa izan naiz beti"
"Pablo Iglesiasen babesa dut", gogorarazi du barne-hauteskundeetarako hautagaiak. "Erakundeetako karguez haratago Podemosen bizitza dago", azpimarratu du.
Radio Euskadi | eitb.eus
Apirilaren 5eko hauteskundeetan Podemoseko zerrendaburu izan nahi du Miren Gorrotxategik. Alderdi morearen barne-hauteskundeetan parte hartzen ari da 'Zubiak' hautagaitzarekin. Rosa Martinezen zerrenda du aurkari. Hautagaitza osatzeko garaian oinarrien iritzia kontuan izan duela azaldu du Gorrotxategik: "erakundeetako karguez haratago bizitza dago".
Gorrotxategiren esanetan, 'Zubiak' aukera osagai gehiago ditu: "nire ibilbide politikoa; Pablo Iglesiasen proiektuarekin zintzoa naiz". "Pablo Iglesiasen babesa dut, horrek ez du esan nahi nire aldeko kanpaina egingo duenik, baina harreman estua dut, nire asmoen berri ematen diot, eta berak oniritzia ematen dit", gaineratu duenez.
Hautagaiaren ahotan, "idazkari nagusiak zalantza ugari izan ditu Iglesiasek hartutako erabaki estrategiko garrantzitsuen inguruan". Zentzu horretan, Pedro Sanchez babesteko ezinbesteko baldintza bezala PSOErekin batera gobernatzea eskatu zutenean adibide bezala jarri du Gorrotxategik, Martinezek ezbaian jarri zuelako.
"Miren Gorrotxategirekin Podemos Euskadiren anbizioa gastu sozialerako kopuru txiki bat lortzea baino handiagoa da", nabarmendu du. "EAJ markoa aldatzera behartu behar dugu", erantsi du. "Podemosek EAJrekin gobernatzea ez da naturala", adierazi du. EH Bildu, PSE-EE eta Podemosen arteko itunak nahiago ditu, Irunen gertatu bezala: "hori Podemos gabe ezinezkoa litzateke".
Azkenik, Lander Martinez idazkari nagusiak babestutako zerrendarekin bakarra osatzea ez du baztertzen Gorrotxategik. Hala ere, proposamenik ez helaraztea aurpegiratu die.