Politika -

Itunak

EAJk ez du PSE-EErekin loturarik izango Irunen, baina akordio orokorrari eutsiko dio

Aurtengo aurrekontuen inguruko osoko bilkura 09:30ean hasiko da, eta, PSE-EEk, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin sinatutako akordioari esker aterako dituzte kontuak aurrera.

Aurrekontu-akordioaren sinadura, Irunen. Artxiboko argazkia: EFE
Aurrekontu-akordioaren sinadura, Irunen.
Aurrekontu-akordioaren sinadura, Irunen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo Udaleko EAJko eta PSE-EEko zinegotziek bertan behera utzi dute bi alderdiek sinatutako oinarrizko akordioa, baina gainerako euskal erakundeetan itun hori indarrean jarraituko duela nabarmendu dute.

Aurtengo aurrekontuen inguruko osoko bilkura 09:30ean hasiko da, udaletxean, eta, PSE-EEk, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin sinatutako akordioari esker aterako dituzte kontuak aurrera.

Hala, Jose Antonio Santano sozialista buru duen gobernu taldeak lortutako aurrekontu-akordioaren ondoren, Gipuzkoako Buru Batzarrak ulertzen du “Irungo udal taldea alderdi sozialistarekin sinatutako oinarrizko akordioan jasotako edozein konpromisotatik libre" geratzen dela.

Astelehenean, EAJk eta PSE-EEk sinatutako itunaren jarraipen batzordea bildu zen. Bi alderdietako lurralde exekutibetako ordezkariek parte hartu zuten topaketa horretan, sozialistek oposizioko beste bi alderdiekin sinatu duten akordioak "sortu duen egoera aztertzeko" asmoz.

Aurrerantzean, Irungo Udalean "oposizio lan eraikitzailea" egingo dutela hitzeman dute jeltzaleek, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatzen duten “hirukotearen aurrean”, Gipuzkoa Buru Batzarrak ohar batean azaldu duenez.

"EAJren proiektu politikoaren defentsatik irundarren bizi-baldintzak hobetzeko eta Irun indartsuagoa eta eraginkorragoa egiteko akordioak bilatuko dituen lan eta estrategia proposatzailea", azpimarratu du GBBk.

Dena dela, GBBk "PSE-EErekin hitzartutako akordio orokorra berresten du, zeinak Gipuzkoako udalak hartzen dituen eta baita Foru Aldundia bera erei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Irun Albisteak