Politika -

Itunak

PSE-EEk akordioa egin du Podemosekin eta EH Bildurekin Irungo aurrekontuak onartzeko

Gipuzkoako EAJ haserre agertu da eta Santanori eta sozialistei euskal erakundeetarako gobernagarritasun ituna urratzea egotzi die.

Irungo aurrekontuak onartzeko akordioaren sinadura. Argazkia: Efe
Irungo aurrekontuak onartzeko akordioaren sinadura. Argazkia: Efe
Irungo aurrekontuak onartzeko akordioaren sinadura. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irunen, PSE-EEk gutxiengoan agintzen duen udalean, akordioa egin dute sozialistek EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak azpimarratu du "desberdinen arteko" elkarrizketaren ondorio dela ituna, baina finean "balioak eta helburuak" partekatzen dituztela.

"Mugikortasunaz, iraunkortasunaz, etxebizitzaz, politika sozialez edo emakumeen etxeaz ari gara, herritarrei axola dien gaiez", azaldu du alkate irundarrak, eta gaineratu du ez dela "inoren aurkakoa", EAJri erreferentzia eginez. Jeltzaleekin aurrekontuaren zuzenketak adostea espero du Santanok.

Idoia Mendia EAEko sozialisten buruak garrantzia kendu dio itunari: "Herri honetan ez dago gehiengo osorik, eta alderdi guztiekin itunak egitera ohitu gara, PP izan ezik, bere burua baztertu baitu eta Euskadin politika egiteari uko egin baitio".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak berretsi du akordioa "zehatza, apartekoa eta lokala" dela, eta ez dagoela EAEko beste erakunde batzuetara zabaltzeko "arriskurik", gainerakoan EAJ-PSE itunak baitira "joera".

EH Bildutik, Marian Beitialarrangoitiak errefusatu egin du "asmakeriak" egitea PSE-EErekiko akordioa beste erakunde batzuetara zabaltzearen inguruan, eta azpimarratu du itun batek "Euskal Herrian bizi diren pertsonen bizi baldintzak hobetuko baditu, EH Bildu akordio horretan" egongo dela.

David Soto Elkarrekin Podemosen Irungo bozeramaileak, berriz, esan du "aro berria" hasi dela "aurrerakoi eta ezkertiarrentzat", eta azaldu du "duela hilabete batzuetatik" datozen elkarrizketen ondorio dela ituna.

Kontrako aldean dago, ordea, PP. Amaya Fernandez popularren EAEko idazkari nagusiak esan du PSOEk EH Bilduri egingo dizkion lehenengo "lagapenak" izango direla akordio hauek.

EAJ, haserre

EAJri ez zaio akordioa gustatu, eta eta sozialistei euskal erakundeetarako gobernagarritasun ituna urratzea egotzi die.

Gipuzku Buru Batzarrak iragarri du akordioaren jarraipenerako batzordearen bilera deituko duela egoera aztertzeko.

Izan ere, jeltzaleek uste dute foru eta udal hauteskundeen ostean sozialistekin egindako akordioak bi alderdiak behartzen dituela udal aurrekontuak onartzera negoziazio prozesu baten ostean.

Akordiorik ezean, "bi alderdietako lurraldeko zuzendaritzek esku hartzeko konpromisoa dute desadostasunak bideratu eta akordioa egongo dela bermatzeko", jeltzaleek azaldu dutenez.

Baina EAJk uste du Santanok eta PSE-EEk printzipio hori urratu dutela Irunen.

Aurreko hauteskundeen ostean, EAJk Santanoren inbestidura babestu zuen, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemose gehiengo alternatiboa osatu beharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Irun Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi