Politika -
Alderdi Popularra
Borja Semper Gipuzkoako PPko buruak politika uztea erabaki du
Eguerdian azalduko ditu erabaki horren arrazoiak, Donostiako PPren egoitzan egingo duen agerraldian. Datozen egunetan utziko ditu bere kargu publikoak.
Agentziak | Erredakzioa
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidente eta Eusko Legebiltzarrean alderdi horrek duen bozeramaileak politika uztea erabaki du, eta, ondorioz, datozen egunetan uko egingo die bere kargu publikoei.
Politikari gipuzkoarraren gertuko iturriek Efe albiste-agentziari baieztatu diote Semperren erabakia, eta eguerdian emango ditu horren arrazoiak, Donostiako PPren egoitzan egingo duen agerraldian.
Gipuzkoako PPko buruzagiak bere asmoen berri eman dio jada Pablo Casado PPko presidenteari, gaur erabakia publiko egin baino lehen.
Borja Semper Pascualek (Irun, 1975) Zuzenbide ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta 17 urte zituenetik da EAEko PPko kidea. 1995ean lortu zuen lehen kargu publikoa, Irunen (Gipuzkoa) zinegotzi izendatu zutenean. Lau urte geroago, alkateorde eta Hirigintza zinegotzi izan zen herri horretan.
2003tik da legebiltzarkidea, eta alderdi horren bozeramailea izan da 2013tik Eusko Legebiltzarrean, Arantza Quiroga Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) PPko presidente ohia politika uztera eraman zuen krisiaren ondoren.
2009an, Gipuzkoako PPko presidente aukeratu zuten, botoen % 95 jasota, eta Gipuzkoako PPko buru izan da ordutik, alderdi barruan ia oposiziorik izan gabe.
2015eko eta 2016ko hauteskunde orokorretan, bere alderdiak ez zuen ordezkaritzarik lortu Gipuzkoan. Hala, bi aldiz diputatu izaten saiatu ostean, Donostiako Alkatetzarako PPren zerrendaburua izan zen iaz, eta alderdiak zituen hiru ordezkariei eustea lortu zuen, orokorrean alderdiak babesa galdu zuen arren.
Azken urteetan, PPren bozeramailea izan da Eusko Legebiltzarrean, zinegotzia Donostiako Udalean eta PP alderdiko presidentea Gipuzkoan.
PPk 2018ko uztailean egin zuen kongresuan, Soraya Saenz de Santamaria PPko presidenteorde ohiaren hautagaitza babestu zuen Semperrek, EAEko PPko zuzendaritza osoak bezala. Alabaina, Pablo Casado izendatu zuten alderdiko presidente.
Casadoren zuzendaritza berriarekin desadostasunak izan ditu Semperrek azken hilabeteotan, eta aurrez aurreko horiek agerian geratu dira hainbat ika-mika publikotan; adibidez, PPren Exekutiboak Iñigo Arcauzen hautagaitza inposatu zuenean hauteskunde orokorretarako.
Semper haserre agertu zen orduan kazetarien aurrean, eta baita Cayetana Alvarez de Toledo PPk Kongresuan duen bozeramaileak irailean adierazpenak egin zituenean ere; izan ere, EAEko PPko kideei abertzaleekiko "epeltasuna" aurpegiratu zien, eta zalantzan jarri zuen Foruen alde egitea.
"Guk odolez, izerdiz eta malkoz ordaindu dugu Konstituzioa eta Espainia pluralaren ideia Euskal Herrian babestu izana, eta, ziur asko, batzuk moketa erosoen gainean ibiltzen ziren bitartean, guk bizitza arriskatzen genuen hemen Konstituzioa eta bizikidetza defendatzen", erantzun zion orduan Semperrek.