Politika -

Manifestazioa Bilbon

'Mendekua zuzenbidearen gainetik' jartzeari uzteko eskatu dute Roderok eta Lasak

"Estatua da egoera hau mantentzen ari dena, oso gutxi baitira espetxe politikaren arloan humanizazioaren alde eman dituen urratsak", salatu dute indarkeriaren bi biktimek amaierako manifestuan.

Rosa Rodero eta Axun Lasa indarkeriaren biktimak. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Rosa Rodero eta Axun Lasa indarkeriaren biktimak. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Presoen eskubideen aldeko martxa amaierako manifestua

11:43

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Roderok, Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alargunak, eta Axun Lasak, Joxean Zabala GALeko biktimaren arrebak, amaierako mezua irakurri dute 'Orain presoak' lelopean, Bilbon, egindako manifestazioan. "Edozein indar politikoren manipulaziotik urrundu, edo mendekua zuzenbidearen gainetik jartzen duten bideak alde batera utzi" beharko liratekeela uste dute.

"Euskal Herrian, astiro-astiro, adiskidetze eta enpatia prozesuetan aurrera egiten ari gara, Estatuko erakundeak isilik dauden bitartean", kritikatu dute. "Iazko urrian, 19 urte luzez espetxean izan ondoren, Angel Ochoa de Eribe hil zen, espetxetik atera eta 4 hilabetera. Izan ere, 2015etik gaixotasun larri bat izan arren, ez zuten lehenago askatu", gogorarazi dute.

"Ez gaitezen engaina! Estatua da egoera hau mantentzen ari dena, oso gutxi baitira espetxe politikaren arloan humanizazioaren alde eman dituen urratsak", salatu dute.

Testuinguru horretan egindako bideari garrantzia eman diote: "Dagokion balioa aitortu behar zaio elkarrizketa politikorik gabeko egoera batean lortu denari: ia duela 10 urte indarkeria bertan behera uzteko alde bakarreko erabakia; duela urte eta erdi ETA desegitea; jendarte zibilaren inplikazioa erakundeek ausardia faltaz esku hartu ez zuten arloetan; biktima mota guztiekiko errespetua areagotzea; presoen senideekiko enpatia izatea haien joan-etorri luzeen aurrean…"

"Guztiok dugu gure minean murgiltzeko joera naturala, besteek bizi duten mina ikusi gabe", onartu dute. "Baino guk ez dugu beste barik ontzat eman nahi beste biktimak alboratzea, edo presoek bizi duten eskubide-urraketa edo senideen kolektibo batzuk bizi duten bazterketa ahaztea", erantsi dutenez.

"Guztiok dugu gure minean murgiltzeko joera naturala, besteek bizi duten mina ikusi gabe"

"Ez dugu nahi ere beste inork gure izenean hitz egitea. Gu geu gara gure buruen ordezkari. Hala ere, uste dugu beste biktima askok sentitzen dutena jasotzen dugula ozen eta argi badiogu giza eskubideak oinarri izan behar direla Espainia eta Frantziako espetxeetan. Gainera, legeak babesten du jardun hori", nabarmendu dute.

"Horregatik, eskatzen dugu espetxeetako onuren kudeaketan diskriminaziorik ez izateko, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak eta adineko presoak askatzeko, graduz aldatzeko aukera izatea, kondena bidegabeak berrikusteko…", aldarrikatu dute.

Bestalde, gogora ekarri dituzte Kataluniako presoak: "berriro ere gure maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi diegu". Zentzu horretan, "kezkatuta gaude epaitegietako eta espetxeetako etengabeko salbuespen egoerak justizia egoki bat eta espetxe sistema integratzaile bat bideratzeko arauak aldatu dituelako", azaldu dute.

ETAko eta GALeko bi biktimen hitzetan, "azaroko hauteskundeetan eskuinak eta ultraeskuinak aurrera egin arren, gehiengoa lortu dute joera aurrerakoia duten indarrek, eta, beraz, ausardiaz, gai hau Estatuaren agendan sartzeko aukera sortu da. Are gehiago, Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi politikoek eskaera hau saihestezintzat eta premiazkotzat jo ondoren".

"Irmo esan dezakegu Estatuak ez daukala arazo bat jada deseginda dagoen erakunde batekin. Estatuak arazoa eskubideak urratzearen kontra dagoen gizartearen gehiengoarekin du, gehiengo horrek ez baitu nahi bere izenean askatasunez gabetutako pertsonen eta haien senideen eskubideak urratzea", adierazi dute bi biktimek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilboko azken albisteak Presoak ETA Baionako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak