Politika -
SAKABANAKETA, HIZPIDE
PSE: 'Une egokia da espetxe politika aldatzen hasteko'
Radio Euskadiko larunbatetako tertulia politikoan, Jose Antonio Pastorrek esan du "espetxe-legedia zorrotz errespetatuz, legediak berak aukera anitzak" ematen dituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sakabanaketa eta Espainiako Estatuko espetxe-politika hizpide izan dituzte larunbat goiz honetan Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioan. Gaur Bilbon zein Baionan euskal presoen eskubideen alde egingo dituzten manifestazioen harira, EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSEko ordezkariek bat egin dute dispertsioarekin amaitzeko eta preso gaixoen gaiari irtenbidea emateko garai dela esatean.
Espainiako koalizio-gobernu berriak "presoen sakabanaketarekin amaitzeko ausardia" izango duela espero duela esan du Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, "presioei aurre egin beharko dien arren". Jose Antonio Pastor sozialistak norabide horretan "urratsak ematen hasteko une egokia" dela erantzun dio. Legea errespetatuz, gauzak aldatzeko aukera dagoela defendatu du PSEko legebiltzarkideak: "Espetxe-legedia zorrotz errespetatu behar da, baina esan beharra dago legedia horrek berak aukera anitz ematen dituela eta une egokian gaude norabide horretan pausoak emateko". "Gobernu sendoa dagoen honetan, seriotasunez, zintzotasunez eta inteligentzia politikoz urratsak emateko garaia da" gaineratu du.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak ere Pedro Sanchezen Gobernu berriak espetxe politika aldatzeko pausoak ematea espero duela adierazi du, izan ere, "bai euskal instituzioek bai gizarteak baita presoek eurek ere egin baitute egin behar zutena".
Joseba Egibarrek (EAJ) ere Gobernuak euskal presoei aplikatzen dizkien irizpideak "eguneratzea eta malgutzea" defendatu du; eta era berean, presoek "euren ardura" onartu eta bergizarteratzeko "pausoak modu indibidualetan" ematea defendatu du.
PP da bide hori defendatzen ez duen bakarra. Carmelo Barriok sakabanaketa defendatu du, "legezkoa delako eta Europako Auzitegien zein Giza Eskubideen Auzitegien babesa duelako, eta beharrezkoa izaten jarraitzen duelako".