Politika -
Altsasuko auzia
Iñaki Abad eta Aratz Urrizola espetxetik atera dira hirugarren gradua baliatuta
Zaballako kartzelaren atarian, gurasoak pozik agertu dira, baina askatasun osoa eskuratu ez dutela eta gainerako gazteek preso jarraitzen dutela azpimarratu dute.
EITB.EUS
Atera dira Zaballako espetxetik (Araba) Iñaki Abad eta Aratz Urrizola Altsasu auzian zigortutako zazpi gazteetako bi, hirugarren graduak eskaintzen duen erregimen askea baliatuta. Lehen asteburua izango dute biek kartzelatik kanpo. 11:30ean irten dira kartzelatik.
Hasiera batean, 09:10ean atera direla zabaldu bada ere, ez da hala izan da. Kontua da senitarteko zuzenak ez ziren guztiei espetxe ataritik aldentzeko eskatu diela Ertzaintzak, eta orduantxe atera behar zirela pentsatu dute denek.
35 bat pertsonak egin diete harrera. Javier Abad Iñakiren aitak aitortu duenez, "pozarren" dago semea kartzelatik atera delako, baina era berean, "oso triste" dago beste bostak han direlako. Gotzon Urrizolak (Aratzen aita) ETB2-ko 'En Jake' saioari esan dionez, semea estu besarkatu du, eta eguna berarekin pasatzeko desiratzen dago. Nolanahi ere, azpimarratu du lanean jarraituko dutela gainerakoak aske izan arte.
Altsasu Gurasoak plataformatik jakinarazi dutenez, ez diete ongietorririk egingo, ez espetxe atarian, ezta Altsasun ere.
Biak ala biak 2018ko ekainetik daude kartzelan, Auzitegi Nazionalak hala aginduta ("ihes egiteko arriskua" zegoela argudiatu zuen). Auziaren epai irmoa ia urte eta erdi geroago heldu zen. Auzitegi Gorenak zigorrak murriztu zizkien denei, baina kartzelan. Gorenak diskriminazio eta larderia astungarria baztertu zuen agintaritzaren kontrako atentatu delituan, eta Urrizola eta Abad ez zituen lesioengatik zigortu, proba falta argudiatuta.
Hala, Abadi 3 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Urrizolari, lau urte eta bi hilabetekoa. Biek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak. Horrenbestez, Zaballa espetxeko Tratamendu Batzarrak hirugarren gradua ematea ebatzi zuen asteazkenean. Aurrerantzean, lotara bakarrik joango dira gazteak, astelehenetik ostiralera. Abad lanera itzuliko da, eta Urrizola, ikastera.
Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek "lasaitua" hartu dute Abad eta Urrizolari emandako hirugarren graduarekin, baina bi gazteen gradu aldaketa "zigor bidegabe baten aplikazioan" kokatu dute, "prozesu bidegabe" baten barruan. "Ez dituzte aske utzi", nabarmendu dute.