Politika -

Omenaldia Gernikan

Agirrek eta Leizaolak 'demokraziarekin azaldutako konpromisoa' goraipatu du Urkulluk

Jose Antonio Agirrek zuzendutako aurreneko Eusko Jaurlaritzaren erbestaldiaren 80. urteurrena da, eta Jesus Maria Leizaola Euskadira itzuli zenetik 40 urte pasa dira, 43 urte erbestean eman eta gero.

Erbestean izan ziren bi lehendakariei omenaldia egin diete Gernikan. Argazkia: EFE/Miguel Toña
Erbestean izan ziren bi lehendakariei omenaldia egin diete Gernikan. Argazkia: EFE/Miguel Toña
Agirre eta Leizaola lehendakariak omendu dituzte Gernikan

1:46

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola erbestean izan ziren lehendakariek "aniztasun, demokrazia eta askatasunarekin azaldutako konpromiso lagaezina" eta "Euskadiren zerbitzura egoteko bokazioa" goraipatu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak.

Gernikako (Bizkaia) Batzar-etxean omenaldia egin die Eusko Jaurlaritzak bi lehendakariei. Urkulluk bertan egin ditu adierazpenak. Agirrek zuzendutako aurreneko Eusko Jaurlaritzaren erbestaldiaren 80. urteurrena da, eta Leizaola Euskadira itzuli zenetik 40 urte pasa dira, 43 urte erbestean eman eta gero.

Leizaolaren eta Agirreren senideez gain, demokraziako lehendakari guztiek omenaldian parte hartu dute: Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Urkullu bera.

EAEko alderdietako buruzagi nagusiak bertan izan dira, PPkoak kenduta. Alderdi Popularrak omenaldian ez parte hartzea erabaki du, "alderdiko ekitaldi" bat dela iritzita, PPko iturriek azaldu dutenez.

Andoni Ortuzar (EAJ), Idoia Mendia (PSE-EE), Arnaldo Otegi (EH Bildu) eta Lander Martinez (Podemos Euskadi) elkarrekin eseri dira Gernikako Batzar-etxe historikoan.

Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak, legebiltzarkideak, hiru ahaldun nagusiak, hainbat alkate, besteak beste, Donostiakoa eta Gasteizkoa, eta Manuel Lezertua Arartekoa ekitaldian izan dira.

Omenaldian, bi lehendakarien memoria "bizirik" mantentzeko konpromisoa hartu du Urkulluk, "euren eredua jarraituz eta ondarea sendotuz".

Homenaje del Gobierno Vasco a los dos lehendakaris que vivieron el exilio en la Casa de Juntas de Gernika. Foto: EFE/Miguel Toña

Eusko Jaurlaritzak erbestean bizi izan ziren bi lehendakariei omenaldia egin die Gernikan (Bizkaia). Argazkia: EFE/Miguel Toña

Urkulluren hitzetan, "euskal autogobernuaren eraikuntza progresiboarekin konpromisoa eta ikuspegia" agertuz bi politikariek "erabat asmatu" zuten. "Egunez egun Euskadi eraikitzen jarraitzeko eredu bat dira", ziurtatu du.

Lehendakariak azpimarratu duenez, erbestea "errealitate luze eta gogorra izan zen Eusko Jaurlaritzarentzat", baita Euskadi utzi behar izan zuten euskal politikarien familientzat ere.

Euskadira sekula itzuli ez direnak bereziki gogorarazi ditu Urkulluk. Erbesteratuei "esker on zintzoena" adierazi die agintariak. "Haien oroimena Gernikako arbolaren beso zabalen artean aurkitzen da", erantsi du.

Horrela, Alfredo Espinosa (Batasun Errepublikarra) Osasun sailburu ohia gogorarazi du lehendakariak. Gorlizko ume tuberkulosoen ebakuazioan parte hartu ondoren, pilotu batek traizioa egin zion eta 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten.

Xabier Bindel Leizaolaren bilobak lehendakariaren memoria laudatu du. Sei seme-alaba eta 22 iloba izan zituen. "Jakituria eta ezagutza guztiaren gainetik" jartzen zuen; izan ere, haren "kultura izugarriak senideak hitzik gabe uzten zituen", nabarmendu du Bindelek.

Bestalde, aitonaren "sen soziala eta demagogiarik gabeko demokrazia" goraipatu ditu Amaia Agirrek, lehendakariaren ilobak eta Getxoko alkateak.

Donostiako Orfeoiak kantatu du ekitaldian. Gernikako arbolaren aurrean argazkia atera dute omenaldiaren amaieran. Era berean, Batzar-etxeko biblioteka bisitatu dute, baita Gogora Institutuak antolatutako 'Gerraosteko euskal erbestea' argazki erakusketa ere.

Familiares de José Antonio Agirre y Jesús Maria Leizaola en el homenaje. Foto: EFE/Miguel Toña

Jose Antonio Agirreren eta Jesus Maria Leizaolaren senideak omenaldian. Argazkia: EFE/Miguel Toña

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo Eguneko albisteak Albisteak Jose Antonio Agirre