Politika -
Eusko Alkartasuna
Eba Blancoren izendapena kautelaz etetea erabaki du Gasteizko epaitegi batek
Epaileak onartu egin du Blancoren izendapena behin-behinean etetea, Maiorga Ramirez buru duen ildo kritikoko lau kidek aurkeztutako salaketaren harira. EAko zuzendaritzak errekurtsoa aurkeztuko du.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Lehen Auzialdiko 7 zenbakiko Epaitegiko epaileak Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatzea kautelaz bertan behera uztea erabaki du, alderdi horretako sektore kritikoak eskatu bezala.
Gaur (astelehena) argitaratutako auto batean, epaileak onartu egin du Blancoren izendapena etetea, Maiorga Ramirez buru duen alderdiaren sektore kritikoko lau kidek aurkeztutako auziaren ondorioz sortutako auzia ebatzi arte. Auzi horrek zerikusia du Pello Urizarren ondorengoa izateko irekitako primarioen prozesuan parte hartzeko eskubideen urraketarekin.
Pello Urizarren ondorengoa izateko irekitako primarioen prozesuan parte hartzeko eskubideen urraketarekin zerikusia dauka auziak.
Joan den asteazkenean epaitegian egindako ikustaldian Blancoren aldarrikapena kautelaz bertan behera uztearen aurka agertu zen Fiskaltzaren irizpidearen kontra egin du epailearen erabakiak, alderdiaren sektore ofizialaren tesiarekin bat eginez.
Eusko Alkartasunaren barne-krisiak ez du etenik eta Pello Urizarrek alderdiaren zuzendaritzan utzitako tokia hartzeko prozedurak zalantzaz beteta segitzen du; izan ere, EAko Berme Batzordeak baliorik gabe utzi zuen alderdiko idazkari nagusi izateko Eba Blancoren izendapena.
EAren zuzendaritzak errekurtsoa aurkeztuko du
Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak epailearen aurkako apelazio helegitea aurkeztuko du. Astelehen gauean zabaldutako prentsa ohar baten arabera, zuzendaritzak nabarmendu du "afiliazio datuak babestu" dituela eta alderdiaren "araudia bete" dutela.
"Ez dugu uste arazo politikoak epaitegietan konpontzen direnik. Hori bai, gure arauak, erakundeak eta afiliazioa defendatuko dugu, azken muturreraino. Azken urte eta erdian hitz egiten eta negoziatzen saiatu gara, epaitegietara jo barik, sinistuta baikaude ezberdintasun politikoak horrela konpontzen direla", adierazi dute EAtik.
"Azken hauteskunde hauetan EH Bilduk oso emaitza positiboak lortu ditu. Inoiz baino faxistagoa baina, era berean, soberanistagoa den Kongresu batean, politika egitea da gure borroka, jendartearen eta denon ongizatearen aldekoa. Politikakeriak orain ez du zentzurik", erantsi dute.