Politika -

Eusko Alkartasuna

Eusko Alkartasuneko militantzia batzea izango da Eba Blancoren lehentasuna

Eba Blancok esan du zilegitasun osoa daukala Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi izateko, eta alderdiaren batasuna bilatzeko lan egingo duela agindu du.

Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi berria. Argazkia: EFE
Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi berria.
Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi berria. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi berriak adierazi du "zilegitasun osoa" daukala alderdia zuzentzeko eta elkarrizketarako eskua luzatu dio sektore kritikoari, "konfiantza eta harreman politikoak berriz osatzeko".

Blanco atzo izendatu zuten EAko buruzagi berria eta gaur agerraldia egin du Gasteizen. Maiorga Ramirez ere aurkeztu zen primarioetara, baina haren hautagaitza baliorik gabe utzi zuten. Sektore kritikoak ez dio baliorik eman Blancoren izendapenari eta helegitea aurkeztu du alderdiaren baitako organoetan.

Blancok ziurtatu du barne-hauteskundeetan parte hartzeko araudia zorrotz bete duela, eskatutako abal kopurua 50ekoa zela eta berak "badaezpada" 60 sinadura aurkeztu zituela ekarri du gogora. Hautagaitza gehiago egotea "aberasgarriagoa" izango litzatekeela iritzi dio, baina azpimarratu du "zilegitasun osoa" daukala alderdia zuzentzeko eta erantsi du afiliatu askoren babesa daukala, tartean kongresu arteko organo nagusia den Asanblada Nazionalarena.   

Orain "etorkizunari begiratzeko" eta "Eusko Alkartasunak EH Bilduren baitan daukan presentzia, irudia, ahotsa eta eragiteko ahalmena indartzeko eta bermatzeko" unea dela nabarmendu du. "Madriletik datozen joera ultrak eta zentralizatzaileen ondorioz, ezinbestekoa da EAk eta EH Bilduk gero eta indar gehiago izatea", gaineratu du.

Bide horretan Eusko Alkartasuneko parte diren pertsona guztiak "beharrezkoak" direla esan du; izan ere, "zatiketak ahuldu egiten gaitu eta nire helburu bakarra EA sendoa izatea da", azpimarratu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak