Politika -

Altsasuko auziaren epaia

Mobilizazioa egingo dute Iruñean, Altsasuko auziaren epaia bidegabea dela salatzeko

Altsasuko gazteen gurasoek deituta, elkarretaratzea Iruñeko Justizia Jauregiaren parean egingo dute, 17:00etan, "Hau ez da justizia" goiburupean.

Altsasuko gazteen askatasunaren egindako manifestazio jendetsu bat. Artxiboko argazkia: EFE
Altsasuko gazteen askatasunaren egindako manifestazio jendetsu bat.
150 txirrindulari Altsasutik Iruñera, Altsasuko gazteei babesa erakusteko

1:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko gazteen gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak elkarretaratzea antolatu dute larunbat honetarako Iruñean, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia bidegabea dela salatzeko eta zazpi espetxeratuak aske uztea eskatzeko.

Mobilizazioa Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean egingo dute, 17:00etan, "Hau ez da justizia" lelopean. Bilkurak hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen atxikimendua jaso du.

Joan den urriaren 9an jakinarazitako ebazpenean, Auzitegi Gorenak bederatzi urte eta sei hilabetera arteko zigorrak ezarri zizkien zortzi auzipetuei, bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin Altsasuko Koxka tabernan izan zuten liskarragatik. Gertakariak 2016ko urrian jazo ziren.

Gurasoek epaia "bidegabea eta neurrigabea" zelan salatu zuten orduan, eta ibilbide judizialean azkeneraino joango zirela baieztatu zuten, helegiteak Auzitegi Konstituzionalean eta Giza Eskubideen Europako Auzitegian jartzeraino.

Ildo horretan, Bel Pozuetak esan zuen ziur dagoela azkenean Europak agerian utziko duela Espainia, baina Estrasburgoko ebazpena iristen denerako berandu izango dela deitoratu du, "ordurako gure seme-alabek zigorra osorik beteta izango dutelako".   

Horrez gain, larunbat honetan Iruñean izango den mobilizazioaren berri eman zuten eta bertan parte hartzeko dei egin zieten herritarrei. Manifestazioa jendetsua izango dela espero da.

Bestalde, elkartasun bizikleta martxa bat ere antolatu dute. Goizeko 09:30ean abiatuko da Altsasutik eta 16:30 aldera iritsiko da Iruñera.  

"Duintasunaren Martxa"k Auzitegi Gorenaren epaiari buelta ematea du helburu. Bidean zortzi geldialdi egingo dituzte, Altsasuko gazte bakoitzari ezarritako zigorrak irudikatzeko.

 

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Altsasu Gazteak azken ordukoa Gurasoak  gaur