Politika -

Nafarroa

D ereduan instituzio-errealitatea errespetatzen den aztertzea eskatu du Navarra Sumak

Koalizioak proposatu du eredu horretan erabiltzen diren testuliburuen "azterketa osoa" egitea.

Hainbat ume, ikastetxe bateko sarreran. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Hainbat ume, ikastetxe bateko sarreran. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Hainbat ume, ikastetxe bateko sarreran. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errealitate instituzionala errespetatzen duten aztertzea xede, D ereduan erabiltzen diren testuliburuen "azterketa osoa" egitea proposatu dio Nafarroako Parlamentuaren Hezkuntza Batzordeko Navarra Sumaren bozeramaile Pedro Gonzalezek Foru Gobernuari.

Prentsaurrekoan Gonzalezek azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak, 2009-2010 urteetan, txostena egin zuen, inguru-ezagutzeko eta gizarte zientzietako irakasgaietako liburuen gainean eta D ereduaren euskarazko liburuei buruz. 5 argitaletxetako liburuak aztertu zituen txostenak, eta ondorioztatu zuen 2 argitaletxek ez zutela eskola-curriculuma betetzen eta ez zutela Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen; izan ere, Foru Erkidegoa Euskal Herriaren barnean aurkezten zuten.

Hortaz, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzaren Lege Organikoa ezarriz, hainbat foru-agindu eman zituen, testu horien doakotasuna deuseztatzeko, eta jakinarazi zien eskola-zentroei ez zegoela erabiltzerik liburu horiek.

Bi argitaletxeek, baina, helegitea aurkeztu zuten, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, Gonzalezek gogora ekarri duenez, "irmotasunez" erantzun zuen; ondorioztatu zuen testuek ez zutela errespetatzen nafar errealitate instituzionala.

Dena dela, esan duenez, 2016an, Geroa Bai Gobernuko buru zela, testuak gaitu egin zituzten, foru-aginduz, eta berriro sartu zituen doakotasun-sisteman. PSNren garai hartako Hezkuntza bozeramaile eta egungo kontseilari Carlos Gimenok, orduan, testu horiek erabiltzea gaitzetsi zuen, eta berrikustea eskatu zuen.

Agindua deuseztatzeko asmorik ez

Gonzalezek azaldu du Navarra Sumak galdetu diola kontseilariari 2016ko foru-agindua indargabetuko duen; Hezkuntza Departamentuaren erantzuna izan da, esan duenez, "ez dagoela asmorik hori deuseztatzeko".

Pedro Gonzalezek galdetu du hau den "PSNren Parlamentuko aulki gorrientzako beste ordainketa bat"; gerora, eskatu du "helburu politikoekin ez erabiltzea hezkuntza".

Hori dela eta, Navarra Sumak mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan; bertan, eskatzen du 2016ko foru-agindua indargabetzeko, eta D ereduko liburuen "azterketa osoa" egiteko.

Halaber, eskatu dio Foru Gobernuari esku hartzeko; izan ere, esan du ziur dagoela Euskadin ere badaudela Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen ez duten testuliburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Hezkuntza Navarra Suma koalizioaren albisteak