Politika -

Eusko Jaurlaritza

EAEko aurrekontu proiektua onartu dute politika publikoetara % 2,9 gehiago bideratuta

2020rako EAEko aurrekontuen proiektua 10 milioi euro murriztu da, 11.744 milioiraino, zor publikoa amortizatzeko behar txikiagoa dagoelako.

2020rako EAEko Aurrekontuen proiektuaren aurkezpena. Artxiboko argazkia: EFE
Erkoreka eta Azpiazu prentsaurrekoan
2020rako EAEko Aurrekontuen proiektuaren aurkezpena. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020rako EAEko aurrekontuen proiektua 10 milioi euro murriztu da aurtengo kontuen aldean, 11.744 milioi euroraino, Euskadik zor publikoa amortizatzeko behar txikiagoa duelako.

Gaur bertan onartu du proiektua Eusko Jaurlaritzak, baina ostiralera arte ez dute Legebiltzarrean aurkeztuko. Han, EAJk eta PSE-EEk ez dute, oraingoz, aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikorik.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean azaldu duenez, 2020an Jaurlaritzak 2019an baino % 2,9 (301 milioi euro) gehiago bideratuko ditu politika publikoetara.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak inbertsio publikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela esan du sailburuak, % 10,2ko hazkundea izan baitu, 1.093 milioi euroraino, 2019an baino 101,5 milioi euro gehiago.

Bestalde, Azpiazuk nabarmendu du aurrekontuaren % 10,5 (1.236 milioi euro) genero ikuspegiko politikak sustatzera bideratuko dela. Uztailaren 30ean Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena onartu ondoren, 540 milioi euro erabiliko dituzte aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko.

Osasun Saila izango da berriro aurrekontu handiena izango duena: 3.941,5 milioi euro. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, 2.919,2 milioi euro izango ditu, hau da, 2019an baino 74 milioi gehiago.

Horrez gain, 2020ko aurrekontuak honako helburu hauek izango ditu: gizarte arrakala, belaunaldien artekoa eta arrakala digitala murriztea; lehentasuna ematea hezkuntzan berdintasuna, bikaintasuna eta gizarteratzea sustatzen duten jarduerei, eta pertsonen enplegagarritasuna bultzatzen duten jarduerei; eta garapen ekonomikoa, berrikuntza eta I+G+B sustatzea.

Aurrekontuak "zuhurrak" dira eta "konfiantzazko egoera" batean kokatzen dira, sailburuaren esanetan; izan ere, EAEko ekonomiaren hazkundea eurogunekoa (% 1,2), Europar Batasunekoa (% 1,4), Alemaniakoa (% 0,4), Frantziakoa (% 1,4) eta Erresuma Batukoa (% 1,2) baino handiagoa izango da, eta Espainiakoaren parekoa (% 2,0).

Hala, EAEko BPG % 2,2 haziko da 2019an, eta % 2,0 2020an. Bi urte horietan, barne eskaria izango da euskal ekonomiaren motorra, eta kanpoko saldoaren ekarpena apur bat negatiboa izango da.

Sailburuak azaldu duenez, kontsumo pribatuak eta inbertsioek indar apur bat galduko dute hiruhilekoak igaro ahala. Bestalde, industria egungo zailtasunak gainditzen joango da, baina aurreko urteetako erritmo bizia berreskuratu gabe. Eraikuntzak dinamismo handia erakutsiko du, eta zerbitzuek batez bestekoaren gainetik hazten jarraituko dute.

Gerra komertzialak, gatazka politikoek eta finantza merkatuen zurrunbiloek, besteak beste, ezegonkortasuna sortu dute, baina ekonomia globalak okerrera egin izanak mugatu egin du. "Egia da munduko ekonomia nagusien erritmoak moteldu egin direla, baina oraingoz baztertu egin da bat-bateko balaztatze orokor bat", azaldu du sailburuak.

Aurreikuspenen arabera, enplegua % 1,6 haziko da 2019an eta % 1,2 2020an: 15.300 lanpostu sortuko dira 2019an eta 11.500 2020an. Azpiazuk azpimarratu duenez, legegintzaldi honetan langabezia-tasa % 10era jaisteko helburua lortu dute jada: % 9,9koa da 2019an eta % 9,8koa izango da 2020an, aurreikuspenen arabera.

Ekonomia- eta finantza-testuingurua

Diru-sarrerei dagokienez, foru-aldundien ekarpenek 318 milioi euroko hazkundea izan dute 2019ko aurrekontuarekin alderatuta, 10.473 milioi eurokoak izango baitira. Hau da, aurrekontu osoaren % 89.

Aurrekontu-egonkortasuneko helburuen arabera, 2020an EAEko defizita % 0koa izango da; EAEren kasuan, helburu hori duela hiru urtetik beteta dagoela esan du Azpiazuk, "kontu publikoek superabita baitute 2017tik".

Bestalde, 2020ko zor publikoa ez da BPGaren % 13,2 baino handiagoa izango, eta, aurreikuspenen arabera, EAEn % 12 ingurukoa izango da datorren urtean. Amortizazioari dagokionez, 2020ko aurrekontu proiektuan 714,7 milioi eurora pasatu da, 2019an baino 384 milioi euro inguru gutxiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak