Politika -
Nafarroa
'Proces' auziaren epaia babesteko adierazpena onartu dute Navarra Sumak eta PSNk
Parlamentuko gainerako taldeek kontra bozkatu dute. Horrez gain, EH Bilduk zigortutako buruzagi katalanei elkartasuna adierazteko testu bat baztertu du Ganberak.
Agentziak | Erredakzioa
'Proces' auziaren epaia argitaratu eta astebetera, hura babesteko adierazpen instituzionala onartu du Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak, Navarra Suma (NA+) eta PSN alderdien aldeko botoekin. Gainerako taldeek kontra bozkatu dute. Horrez gain, zigortutako 12 buruzagien aldeko EH Bilduren beste testu bat baztertu du Ganberak.
Nafarroako Parlamentuaren Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen bileraren ondotik eman dute adierazpenaren berri. Navarra Sumak aurkeztutako agiria babestu du PSNk. Testuan jasotzen denez, auzi honetan "prozesu judizialak ondo funtzionatu du, baita zuzenbide estatuak ere". Horren arabera, zigortutako buruzagiek "demokrazia mespretxatu dute", lege konstituzionalari "kolpea" emanez. Halaber, Katalunian izandako indarkeriazko ekintzak gaitzetsi dituzte, eta Estatuko segurtasun indarrei babesa adierazi diete onartutako adierazpenean.
Geroa Baik, EH Bilduk, Nafarroako Ahal Duguk eta I-Ek kontra bozkatu dute.
Halaber, EH Bilduk gai horren inguruan proposatutako beste agiri bat baztertu dute Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak. Koalizio abertzaleak "elkartasuna" adierazi nahi zien zigortutako buruzagiei eta haien senideei, eta manifestazio, adierazpen askatasun eta autodeterminazio eskubideak "kriminalizatzea" salatu. Navarra Sumak eta PSNk adierazpen horren kontra bozkatu dute, eta, Ganberan gehiengoa dutenez, ez dute onartu.