Politika -
Hauteskunde orokorrak
Alderdiek azken eguna dute gaur A10erako koalizioak erregistratzeko
14:00ak arte dago epea. Errejonen alderdiak (Mas Pais) osatutako koalizioa izango da berrikuntzetako bat.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi politikoek gaurko 14:00ak arte dute azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan lehiatuko diren koalizioak erregistratzeko. Lurraldeko hauteskunde batzordeetan edota Hauteskunde Batzorde Nagusian (baldin eta probintziaz gaindikoak badira) egin beharko dute izapidea.
Hauteskunde errepikapena inbestidura faltak eragin duenez, prozedura berezia izango da oraingoan. Hori horrela, apirilaren 28an aurkeztu ziren koalizio hautagaitzak berretsi beharko dituzte euren ordezkariek azaroko bozetan lehiatu ahal izateko.
Duela bost hilabete 11 koalizio aurkeztu ziren hauteskunde lehiara probintzia batean baino gehiago lehiatzeko; Unidas Podemos eta Recortes Cero-Grupo Verde koalizioak, esaterako.
11 horien artean, baina, ez zeuden probintzia batean bakarrik aurkeztu ziren koalizioak: Navarra Suma, adibidez.
Horrez gain, hiru Katalunian bakarrik aurkeztu ziren (ERC eta Junts, berbarako), bi Valentzian (Compromis) eta bat Kanarietan (ANVk eta Unidad del Pueblok osatu zutena).
Aipatutakoez gain, Iñigo Errejonek sortu duen Mas País alderdiaren koalizio berria aurkeztuko da azaroko hauteskundeetara. Lagun izango ditu, ziurrena, Equo (hainbat erkidegotan), Compromis (Valentzia), En Marea (Galizia), Chunta Aragonesista (Aragoi) eta Mes (Balear Uharteetan).
Koalizioak erregistratuta, Kongresurako eta Senaturako zerrendak aurkeztu beharko dituzte alderdiek. Horretarako, urriaren 2tik 7ra izango dute epea (24:00ak arte). Hautagaitza horiek urriaren 9an kaleratuko dituzte Estatuko Aldizkari Ofizialean, baina behin-behineko zerrendak izango dira, okerrak zuzendu eta inpugnazioak aurkezteko epea zabalduko baita segidan. Urriaren 15ean kaleratuko dira behin betiko zerrendak.