Politika -
Altsasu auzia
'Mila mezu, mila muxu' Altsasuko gazteentzat, 1.000. espetxe egunean
Altsasuko hiru gaztek kartzelan 1.000 egun eman dituztela betetzen diren egunean, 'askatasunaren tontorrera' igo nahi dutela aldarrikatu dute Beriain mendiko tontorrean.
eitb.eus
Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatu dute ehunka lagunek Beriain mendiko tontorrean, Jokin Unamunok, Oihan Arnanzek eta Adur Ramirez de Aldak espetxean 1.000 egun betetzen dituzten egunean.
Altsasu auzian auzipetutako gazteetatik hiru horiek dira kartzelan denbora gehien igaro dutenak. Martxoan, zortzi gazteei ezarritako zigorrak berretsi zituen Auzitegi Nazionalak, terrorismo delitua baztertuta. Irailaren 18an, defentsen helegitea aztertuko du Auzitegi Gorenak.
Data hori gogoan dutela, hiru gazteek dagoeneko 1.000 egun kartzelaratuta eman dituztela gogorarazi eta salatu dute, 1000 egun, mila mezu, mila muxu! Altsasukoak aske! ekimenaren hasiera ekitaldian.
9:30etan, Unanutik (Nafarroa) abiatu dira, Beriain mendira. Auzipetu bakoitzaren irudia duten kartelak eraman dituzte Sakanako gailurrera. Eguerdi aldera heldu dira tontorrera, eta bertan, gazteentzako mezuak idazteko aukera ematen duen liburu bat aurkeztu dute.
Bel Pozuetak azaldu dutenez, espetxeratutako gazteek "telebistatik ikusiko dute" altsasuarren aldeko elkartasuna. Beriain mendira igotzeko bidea azken 1.000 eguneko ibilbidearekin alderatu du Bel Pozuetak: "lainoa, harriak, aldapa eta, hala ere, tontorrera igo gara".
Irailaren 18an ere "tontorrera" iristea espero dute Altasuko Gurasoek. "Handik gutxira, gure tontorra aurkituko dugu, eta esango dugu: 'baditugu arrazoiak ospatzeko, askatasuna lortu dugu'. Hori izango da gure tontorra".
Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko 1.500 metro inguru igotzeko prest egon diren herritarrei eskerrak "bihotz bihotzez" eman dizkie Pozuetak. "1.000 egun egon gara injustizia bizitzen, baina 1.000 egun hauetan gaur sentitu duguna sentitu dugu: herri bat dagoela gurekin", esan du Pozuetak, Kataluniatik etorritakoei ere eskerrak emanez.
Altsasukoen aldeko mezua Beriain mendian. Irudia: EiTB
Altsasukoak Aske plataformako kide batek esan duenez, "urteetan oroituko ditugu" 1.000 egun hauetan izandako "milaka maitasun eta elkartasun keinuak", eta hori irudikatzeko, liburuan lehen mezuak idazten hasi dira Beriain mendira igotakoak.
Menditik Altsasura bizikletaz, parapentez, patinez eta oinez heldu da mezu liburua, 20:00etan.
Ordu horretan elkarretaratzea egin dute Foruen plazan. Momentu hori baliatu dute, gainera, gazteen askatasuna eskatzeko mural bat egiteko.
Arratsalde osoan zehar, erakusketak, proiekzioak, gazteei mezuak bidaltzeko postu bat eta bestelakoak egon dira ikusgai Nafarroako herrian.
Antolatzaileek herritarrek sare sozialetan gazteen aldeko mezuak #AltsasukoakAske traola erabilita zabaltzeko eskatu dute, eta gero haiei helaraziko dietela esan dute.