Politika -

NAFARROA

Barkosek eta Chivitek aginpide aldaketa 'adeitsua' egin dute

Barkosek aldaketan 'laguntzeko eta hura errazteko' izan duen jarrera eskertu du Nafarroako presidente berriak. Chiviteren hitzetan, abuztua 'barne antolaketa' egiteko baliatuko du gobernu berriak.

Chivite eta Barkos, gaurko bileran. Argazkia: EFE.
Chivite eta Barkos. Argazkia: EFE.
Uxue Barkos eta Maria Chiviteren arteko botere aldaketa

1:06

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos (Geroa Bai) azken legealdian Nafarroako presidentea izan denak eta Maria Chivite (PSN) presidente aukeratu berriak aginpide aldaketa "adeitsua" egin dute gaur, 2019-2023 legealdiari hasiera emanez. Goizean izan dute hitzordua bi buruzagiok, Foru Jauregian, Presidentetzaren bulegoan.

Bi buruzagiek datozen egunetako ekitaldien ingurumariak —bihar bertan izango da kargu hartze ekitaldia— izan dituzte hizpide ordubete inguru iraun duen bileran. Datozen egunetan, berriz, kontseilariek egingo dute botere aldaketa.

Barkosek nabarmendu duenez, bilera "adeitsua" izan da eta aurrerantzean ere "laguntzeko jarrera"ri eutsiko diote aurreko gobernuko kide guztiek. Chivitek ere jokabide hori eskertu du. Horren hitzetan, "Barkosek botere aldaketan laguntzeko eta hura errazteko jarrera eduki du, bai moduetan zein eduki aldetik".

Nafarroako presidente berriak zehaztu du "agenda kontuak" izan dituztela mahai gainean, baina erantsi du Barkosek txosten bat ere helarazi diola. Hala, "ondo egindako lana" izan dela goraipatu du.

Chiviteren esanetan, abuztua "barne antolaketa" egiteko baliatuko dute; irailean, berriz, euren asmoak azaldu eta erabakiak hartzen hasiko dira.

Buruzagi sozialistak esan du gaurko bilera eta ondorengo hartu-emanak "normaltasunaren eta errespetuaren" baitan kokatu behar direla.

Barkos eta Chivite.

Barkos eta Chivite, batera eskaini duten prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Chiviteren eta Barkosen agerraldi osoa berriro ikusteko aukera duzu eitb.eus-en.

Kargu hartze ekitaldia, bihar

PSN, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoa jasota, ostiral arratsaldean izendatu zuten Chivite presidente Nafarroako Parlamentuan egin zen inbestidura-saioan. EH Bilduk emandako bost abstentzioei esker lortu zuen gehiengo sinplea buruzagi sozialistak, bigarren bozketan.

Hala, Barkosen lekukoa hartu du Chivitek, eta Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrarekin adostu du datozen lau urteotarako programa. 13 kontseilaritza izango dituen koalizio-gobernua osatuko dute. I-E alderdiak, programa babestu arren, gobernuan ez parte hartzea erabaki du.

Javier Remirez sozialista Gobernuko lehen presidenteordea izango da, eta Geroa Baiko Jose Maria Ayerdi, bigarren presidenteordea.

Nafarroako presidente berriaren kargua hartzeko ekitaldia bihar izango da, 11:30ean, Nafarroako Parlamentuko atrioan. Kontseilariek, berriz, asteazkenean hartuko dute kargua, Foru Jauregian egingo den ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa María Chivite