Politika -
Eusko Jaurlaritza
Erkoreka: 'Preso ohiei egindako ongietorrietan jurisprudentzia aplikatu dugu'
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, ekitaldi horietan inongo administrazio publikok ezin du aldez aurretiko baimena eskatzea exijitu, "ez baitago legedian aurreikusirik".
Agentziak | Erredakzioa
Jurisprudentzia eta aldez aurretik auzitegiek hartutako erabakiak kontutan hartuta, ETAko preso ohiei egindako ongietorrietan eskurik ez sartzea erabaki du Segurtasun Sailak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu duenez.
"Eusko Jaurlaritzaren jokabideak Justizia Auzitegiek definitutako irizpideak izan ditu oinarri", azaldu du Erkorekak prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua bildu ondotik. Biktima eta alderdi batzuek, PPk eta Ciudadanosek esaterako, egindako kritikei erantzun die bozeramaileak; izan ere, Gipuzkoan ETAko preso ohiei egindako bi ongietorri ez eragoztea aurpegiratu diote Jaurlaritzari asteburuan.
EAEko Exekutiboak jurisprudentzia kontuan hartu izan duela errepikatu du bozeramaileak. Erkorekaren ahotan, "ongietorriak manifestazio eta bilera askatasunean kokatzen ditu" jurisprudentziak berak.
Jaurlaritzako ordezkariaren hitzetan, ekitaldi horietan inongo administrazio publikok ezin du aldez aurretiko baimena eskatzea exijitu, "ez baitago legedian aurreikusirik".
Zentzu horretan, Ertzaintzak antzeko ekitaldietan esku hartzea "eragotzi" izan du Justiziak, gogorarazi duenez. "Administrazioaren jokabide ildoak auzitegiek erabakitzen dituzte", erantsi du. "Legea edo Zigor Kodea alda daiteke, baina hori ez dago gure esku", azpimarratu du.
Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak asteburuko bi ongietorrien inguruko polizia txostenak Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari igorri izana, eta Eusko Jaurlaritzak gauza bera ez egitea, Polizien "irizpide ezberdinen" ondorio dela azaldu du Erkorekak. Hala eta guztiz ere, delitua izan ote zen, lehenik Fiskaltzak, eta ondoren Auzitegiak ebatzi beharko du.
"Ertzaintzak ikerketa abiatu ez baldin badu, delitu zantzurik ikusi ez duelako izango da", defendatu du Erkorekak.
Bozeramaileak errepikatu duenez, auzitegiek beraiek ongietorriak "manifestazio eta bilera eskubidearen markoan kokatzen dituzte". "Eusko Jaurlaritzak ezin du manifestaziorik eragotzi, ezta bilerarik ere, nahiz eta erkidegoko lege batek horretara behartu".
Horregatik, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzak gogorarazi ditu Erkorekak. Gai juridikoez haratago, "jokoan" dagoena "etorkizuneko bizikidetza da, eta horrek eragile guztien konpromisoa behar du", ekitaldi horiek "desagertzeko", nabarmendu duenez.