Politika -
Nafarroako Gobernu berria
PSN, Geroa Bai eta Podemosek Nafarroan koalizio gobernua osatzeko ituna sinatu dute
Adostutako koalizio Gobernuak 13 departamentu izango ditu. Horietatik 8 PSNren esku egongo dira, beste lau Geroa Baik zuzenduko ditu eta bakarra Podemosek.
Agentziak | Erredakzioa
PSN, Geroa Bai eta Podemosek akordioa sinatu dute azkenik Nafarroan koalizio gobernua osatzeko. Maria Chivite hautagai sozialista izango da presidente berria. Halaber, Gobernuak Izquierda-Ezkerraren babesa izango du, Gobernuan parte hartzeari uko egin arren.
Akordioa ostiral eguerdi honetan adostu dute Nafarroako Parlamentuan lau alderdietako ordezkariak bilera egin ostean. Podemosen desadostasunak direla eta bilera hiru orduz luzatu egin da.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak bilera sorta deituko du datorren astean Maria Chiviteren hautagaitza aurkezteko. Inbestidura datorren aste amaieratik aurrera egin ahal izango lukete, bilera sorta amaitu eta hiru egunera.
Maria Chivite presidente izango lukeen Nafarroako Gobernuaren legegintzaldirako akordioa sinatu du gaur Izquierda-Ezkerrak (I-E); hori bai, ez da koalizio gobernuko kide izango.
Lau indarrek bilera egin dute eguerdian Nafarroako Parlamentuan. Bertan, legegintzaldirako ituna izenpetu du I-Ek, baina ondoren batzarretik atera da, koalizio gobernua parte hartzea baztertu duelako.
PSNk 8 kontseilaritza izango ditu, Geroa Baik 4 eta Podemosek 1
Adostutako koalizio Gobernuak 13 departamentu izango ditu. Horietatik 8 PSNren esku egongo dira, beste lau Geroa Baik zuzenduko ditu eta bakarra Podemosek.
PSNk zuzentzeko proposatu dituzten kontseilaritzak hauek dira: Ekonomia eta Ogasuna; Hezkuntza; Kultura eta Kirola; Lurralde Kohesioa; Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala; Eskubide Sozialak; Presidentetza, Funtzio Publikoa eta Barne Kontseilaritza, eta Osasun Departamentua.
Geroa Bairen arloak Ekonomi Garapena eta Enpresa; Garapen Estrategikoa; Herritarrekiko Harremanak; eta Landa Garanpen eta Ingurumena izango dira; eta Migrazio Politikak eta Justizia Podemosen ardura izango dira.
Akordioaren arabera, Exekutiboak bi presidenteorde izango ditu, bat PSNrentzat eta bigarrena Geroa Bairentzat, baina oraindik ez dituzte arloak zehaztu.
Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, departamentuen kopurua areagotu dute aurreko Gobernuarekin alderatuta, "baina zuzendaritza nagusiak banatzen dira", "lau gehiago direlako". "Kirol eta Gazteria Institutua bitan banatzen da, alderdien konpromiso bat delako", erantsi duenez. "Ardura gehiegi zuten kontseilaritzak zeuden", gaineratu du Chivitek.
Bestalde, Uxue Barkos Geroa Baiko buruzagiak azpimarratu duenez, "2012tik kontseilaritzen kontzentrazio bat dago, Nafarroan egoera politiko bati eta krisi ekonomikoari erantzuteko". "Une honetan Nafarroako kontuak ordenaturik daude", adierazi du. Barkosen ahotan, zenbait departamentu "edukiz leporaino zeuden, batzuetan gainezka ere". "Orain beste era batera lan egitea posible da", esan du.
Gobernu osaketan koalizioak duen "pisuaz guztiz jakitun" dira, Eduardo Santos Nafarroako Podemosen idazkari nagusiak nabarmendu duenez.
Inbestidura saioa, abuztuan
Maria Chiviteren inbestidura saioa datorren astearen amaieran edo hurrengoaren hasieran izan liteke. PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek 23 ordezkari dituzte Nafarroako Parlamentuan, baina ez dute gehiengo osorik (26 parlamentari); hala, nahitaezkoa da EH Bilduren abstentzioa.
Hain justu, koalizio abertzalearekin "egunerokoan" elkar ulertzeko beharra azpimarratu du Marisa de Simon I-Eko parlamentariak. Gainerako hiru bazkideek darabiltzaten negozioen inguruan esan du "zentzuzko akordioa" espero duela, "politika aurrerakoiak aurrera eramateko".
"Gure lehentasuna akordio programatikoa zen, hori nahikoa da aurreko gobernuan hasitako bidearekin jarraitzeko. Itunak gizarte arloan, etxebizitzan edota hezkuntza publikoan esaterako, hartutako neurriak sakontzen ditu", azaldu du.