Politika -

Nafarroako Gobernua

Proposamenak onartuko dituen gobernu eredu baten alde egin du PSNk

Alzorrizek berretsi duenez, PSNk argi utzi die alderdikideei ez dutela Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin hitz egingo.

PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak bilera egin dute. ETBren bideo batetik ateratako irudia
PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak bilera egin dute Maria Chivite gabe
PSNk ez du Navarra Sumarekin hitz egingo bere abstentzioa negoziatzeko

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak negoziazioei ekin diete berriro, 10:00ak jota. Nafarroako Gobernuaren eredua zehaztea izan da, hain zuzen, gaurko bileraren helburu nagusia, sanferminetan programa akordioa hitzartu ostean.

Bileran, gobernu ereduaren nondik norakoak argitzen dituen proposamena aurkeztu dute PSNko ordezkariek, gainerako alderdien ekarpenak onartuko dituztela argi utzita.

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak kazetariei esan dienaren arabera, "lan dokumentua aurkezteko eguna izan da gaurkoa". "Orain, txosten hori aztertu beharko dute gurekin negoziatzen ari diren alderdiek, eta behin hori eginda berriro bilduko gara proposamen berriak jasotzeko", azaldu du.

Oraingoz, baina, ez du dokumentuari buruzko xehetasunik eman nahi izan. Halere, nabarmendu du PSNk gobernu sozialista bat nahi duela, baina, negoziatzen ari diren heinean, akordioak lortzeko prest daudela.

Alzorrizek berretsi duenez, PSNk ez du Navarra Sumarekin hitz egingo. "Ez du zentzurik haiekin berba egiteak, gure alderdia etengabe iraintzen ari direla kontuan izanda. Itxita geratu da, ez gara haiekin eseriko", azpimarratu du.

Horrez gain, EH Bildurekin elkartzeko asmorik ere ez dute, "Geroa Bairekin, Ahal Dugurekin eta Ezkerrarekin batera lortutako 23 botoek Navarra Sumaren 20 botoak eta koalizio abertzalearen 7ak gainditzen dituzte", esan du.

Lau alderdiak Nafarroako Parlamentuan bildu dira, Iruñeko jaietan egindako atsedenaldia atzean utzita. Ahal Duguko ordezkariak izan dira batzar horretara iristen lehenak. Ondoren, Geroa Baiko eta PSNko ordezkariak heldu dira, eta Ezkerra koaliziokoak izan dira Parlamentuan sartzen azkenak.

PSNren izenean, Ramon Alzorriz, Jorge Aguirre eta Inma Jurio egon dira bertan. Geroa Bai, berriz, Uxue Barkos, Unai Hualde, Itziar Gomez eta Ana Ansa alderdikideek ordezkatu dute. Ahal Duguk eta Ezkerrak hiruna ordezkari izan dituzte bertan: Eduardo Santos, Ainhoa Aznarez eta Mikel Buil, batetik, eta Marisa de Simon, Txema Mauleon eta Carlos Guzman, bestetik.

Sartu aurretik, Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusi Eduardo Santosek esan du "itxaropentsu" doala bilerara, eta gaineratu du hitz egin ondoren ikusiko dutela zer egin. "Zer, nola eta nork zehaztu behar dugu. Dagoeneko adostu dugu egin beharrekoa, orain nola egin erabakitzea falta zaigu", gaineratu du.

Navarra Suma

Javier Esparza Navarra Suma koalizioaren (UPN, PP eta Ciudadanos) hautagaiak salatu duenez, Chivitek Barkosen aurrean "amore eman du beste behin ere". Esparzaren hitzetan, sozialistak "Nafarroa gobernatzeko Bilduren babesa nahi duela argi utzi du".

Erregionalistaren ahotan, Geroa Baik uztailaren 8an azaldutako "haserrearen" aurrean etsi du PSNk. Orduan Chivitek Navarra Sumarekin biltzea ez zuen baztertu, akordio programatikoaren berri emateko eta eskuineko koalizioaren abstentzioa lortzeko.

Geroa Bai

Bestalde, Itziar Gomezek, Geroa Bairen Iruñeko Udaleko bozeramaileak, adierazi du PSNren lan dokumentua esku artean dutela dagoeneko.

EH Bildu

"Gehiengo posibilista" zer den azaltzeko eskatu dio Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak PSNri. "Azaltzea espero dut, agian, ezinezkoa delako", adierazi du Araizek.

"PSNk gehiengo kategoria berri bat asmatu du", esan du EH Bilduko parlamentariak Twitter sare sozialean. "Orain arte gehiengo zabala, osoa eta sinplea ezagutzen genituen", baina Ramon Alzorrizek (PSN) "'gehiengo posibilista' erakutsi digu; azaltzea espero dut, beharbada, ezinezkoa delako".

Ezkerra

Ezkerraren iritzian, garrantzitsuena uztailaren 5ean adostutako programa da, bertan zehaztu zituztelako Gobernuak garatu beharreko politikak. Hala eta guztiz ere, sozialisten proposamena aztertuko dute, betiere, "aukera politiko gisa hartuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Podemos Ahal Dugu Nafarroa