Politika -
NAFARROA
Ahal Dugu parlamentarien elkarte gisa eratzea onartu du Nafarroako Parlamentuak
Horrenbestez, alderdi moreak talde mistoa utziko du, eta Izquierda-Ezkerra bakarrik geratuko da talde horretan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarte gisa eratzea onartu du gaur goizean. Ondorioz, alderdi moreak Talde Mistoa utziko du, eta Izquierda-Ezkerra bakarrik geratuko da talde horretan.
Gaurko bozketan, PSNko, Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariek alde bozkatu dute eta Navarra Sumakoek, ostera, kontra. Aldez aurretik, txosten juridiko batek aukera hori babestu du.
Ondorioz, Nafarroako Parlamentuan lau talde parlamentario (Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu), parlamentarien elkarte bat (Podemos-Ahal Dugu) eta talde mistoa (Izquierda-Ezkerra) izango dira hasi berri den legegintzaldian.
Mikel Buil Podemos-Ahal Duguren bozeramaileak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, parlamentarien elkartea osatzea "oinarrizkoa da gure boto-emaileen ordezkari gisa lan ona egiteko".