Politika -

M26 HAUTESKUNDEAK

Noiz eta nola osatuko dira gobernu berriak?

Ekainaren 15ean osatuta geratuko dira udal gehienak, baina uztailaren 5era arte atzeratu daiteke prozesua, helegiterik baldin badago. Nafarroako Parlamentua ekainaren 19an osatuko da.

Gipuzkoako Batzar Nagusien artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak.
Gipuzkoako Batzar Nagusien artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzak eskuan, alderdi politikoak hasi dira etorkizuneko gobernu berriak marrazten eta horretarako beharko dituzten aliantzak diseinatzen. Udalak, batzar nagusiak eta Nafarroako Parlamentua eratuko dira datozen asteotan edo hilabeteotan, eta kasu askotan itunak beharko dituzte, gobernu egonkorrak bermatzeko. Negoziazioak, beraz, abian dira, eta epe laburrean ezagutuko dira itunen kolorea eta norabidea.

Halere, negoziazio horiek gora behera, erakundeak eratzeko epeak legeak ezartzen ditu, eta honakoak dira:

Maiatzaren 26ko bozketen ostean, ekainaren 15erako osatuta geratuko dira udal gehienak, baina uztailaren 5era arte atzeratu daiteke prozesua helegiterik baldin badago. Nafarroako Parlamentua ekainaren 19an osatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ahaldun nagusien kargu-hartzeak, berriz, ekainaren amaierara arte edo uztailera arte luzatuko dira.

Udalak

Hauteskundeen emaitzak zenbatu ostean, hauteskunde batzordeek zenbaketa ofiziala maiatzaren 29 eta ekainaren 1a artean egingo dute, eta horren ondoren, hainbat epe daude behin betiko izendapenak gauzatu arte.

Loreg delako legearen arabera, udal korporazioak saio publikoan osatu behar dira, hauteskundeak izan eta hogeigarren egunean (ekainak 15). Helegiterik bada, berrogeigarren egunean eratuko dira udalak (uztailak 5).

Udala osatzen den egunean hautatzen da alkatea. Horretarako, gehiengo osoa behar da lehen bozketan, eta inork lortuko ez balu, boto gehien lortu zituen zerrendako lehen hautagaia izendatuko dute alkate.

Berdinketa egonez gero, zozketa bidez aukeratuko da alkatea.

Batzar nagusiak

Arabako Batzar Nagusietako Batzorde Iraunkorrak osoko bilkura deitu beharko du hauteskunde batzordeak balizko helegiteak argitu eta aldarrikapena egiten duenetik 10 eguneko epean, gehienez. Osoko bilkura horretan Mahaiko kideak hautatuko dira, Bateraezindazunen Batzordeko ordezkariak aukeratuko dira, eta hurrengo 15 egunen baitan hautatuen konpatibilitate ebazpena onartu beharko dute.

Egun horretan beste osoko bilkura bat deituko da ahaldun nagusia izendatzeko, gehienez 30 eguneko epean.

Bizkaiko Batzar Nagusietan osaketa 51 batzarkidetatik 17 (herena) akreditatzen direnean hasten da. Zazpi eguneko epean osoko bilkura deitu beharra dago, eta inoiz ere ez hauteskundeak izan eta hilabete baino beranduago.

Lehen bilkura horretan, osatuta geratuko dira Batzar Nagusiak, Mahaia hautatzen da eta Bateraezintasunen Batzordea izendatzen da. Hurrengo osoko bilkura batean bateraezintasun-ebazpena bozkatzen da, eta ondoren, beste osoko bilkura baterako data ezartzen da, aurrez epe mugarik ez duena, Bizkaiko ahaldun nagusia hautatzeko.

Gipuzkoan ere, diputatuen herena akreditatzen den unetik hasten da atzera kontaketa. Hurrengo 15 egunetan Batzar Nagusiak osatzeko bilkura bat deitu beharra dago, Mahaia osatzeko eta, han, beste osoko bilkura baterako data ezarriko da Bateraezintasunen Batzordea izendatzeko. Batzorde horrek zazpi eguneko epea izango du ebazpena emateko, eta Batzar Nagusiak eratu direnetik, 10 eguneko epea izango du bozketara eramateko.

Ahaldun nagusiaren izendapen bilkura ere Batzar Nagusiak eratu eta gehienez 15 egunera izango da.

Legearen arabera, gehiengo osoa beharko du ahaldun nagusiak lehen bozketan, baina lortu ezean, gehiengo sinplearekin atera daiteke bigarren bozketan.

Bigarren bozketa horretan bi hautagairen arteko berdinketa balego, hauteskundeetan boto gehien lortu dituena izendatuko da ahaldun nagusi.

Nafarroako Parlamentua

Ekainaren 19an izango da, berez, Nafarroako Parlamentuaren osaketa, eta egun horretan izendatuko dituzte Ganbera horretako Mahaiko bost kideak: presidentea, bi presidenteorde eta bi idazkari.

Aurretik gobernu akordiorik ez bada, Mahairen eraketak eman dezake Nafarroako Gobernu berriak izango duen kolorearen arrasto bat.

Halere, negoziazioak luzatzeko aukera ematen du egutegiak, behin Parlamentua eratuta eta mahaikideak aukeratuta, epe berri bat zabalduko baita presidentegaiak aurkezteko .

Ganbera osatu eta 10 eguneko epean, mahaiko presidenteak bilera erronda egingo du talde guztiekin, hautagairik duten jakiteko.

Hautagai bat baldin badago, osoko bilkura deitu beharko du Ganberako presidenteak, inbestidura saioa baino hiru egun lehenago, gutxienez. Saio horretan presidenteak hautagaiaren berri emango du, eta ondoren, horrek bere programa aurkeztuko du, denbora mugarik gabeko agerraldi batean.

Ondoren, talde bakoitzak 30 minutuko tartea izango du, hautagaiari erantzuteko, eta behin eztabaida amaituta, bozketa egingo da. Boto-paperarekin egingo da bozketa, eta isilpekoa izango da.

Gehiengo osoa beharko du hautagaiak lehenengo bozketan, eta lortzen ez badu, hurrengo egunera atzeratuko da bigarren buelta. Hor, gehiengo sinplea nahikoa izango da, presidentea aukeratzeko.

Parlamentuaren babesa bermatuta duenean, Espainiako Erregeari jakinaraziko zaio erabakia, errege dekretu bidez, Nafarroako Gobernuko presidentearen izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara dezan.

Azkenik, izendapena publikatu eta 10 eguneko epean, Foru Gobernuko presidente berriaren kargu hartze saioa egingo da.

Hautagairik ez balego, edota dagoen hautagaiak presidente izendatzeko nahikoa babes bermatuta ez badu, berriro errepikatuko du mahaiko presidenteak bilera erronda. Horretarako, gehienez, hauteskundeak izan direnetik hiru hilabeteko epea izango du. Denbora tarte hori agortuta, presidente izendatzeko nahikoa babes duen hautagairik ez balego, Parlamentua desegingo da eta hauteskundeak deituko dira, berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Nafarroa Araba Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023