Politika -
Martxoaren 24ko manifestazioa
Altsasuko gazteen senitartekoek iragan igandeko 'elkartasun olatua' eskertu dute
Manifestaziora joan ziren lagun guztiei eskerrak ematez gain, atxilotu guztiak kartzelatik kanpo egon arte ez direla geldituko azpimarratu dute, aske egon beharko liratekeela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espetxean 2 eta 13 urteko zigorrak bete beharko dituzten Altsasuko gazteen senitartekoek iragan igandeko manifestazioan izandako "elkartasun olatua" eskertu dute.
Dagoeneko 867 egun igaro dira lehenengo atxiloketak egin zituztenetik, eta "azkenik Auzitegi Nazionaletik atera gara; salbuespen auzitegi horretatik, inoiz zapaldu beharko ez genukeen leku horretatik, zigor bidegabe eta neurrigabeak ezarri dituen epaitegitik", adierazi dute ohar baten bidez.
Bertan gaineratu dute "muntaia mediatiko, polizial, politiko eta juridiko" baten konplize izan dela "Guardia Zibilarekin zuzenean lotuta dagoen auzitegi alderdikoi hori"
Orain, zehaztu dute, Auzitegi Gorenera begira gaude, eta epeak luzatu badituzte ere, "ez dugu etsiko, atxilotu guztiak aske egon arte, espetxetik kanpo egon behar direlako".
Esan bezala, Altsasuko herriari eskerrak eman diote egindako "auzolan izugarriagatik", horri esker lortu zutelako manifestazioa aurrera ateratzea. Halaber, erakutsitako babesa eskertu diete etxeko ateak ireki zituztenei eta boluntario guztiei.
Bestalde, "justizia aldarrikatuz, kaleak elkartasunez bete zituzten 60.000 lagunen" asmo ona goratu dute, Euskal Herriko hainbat tokitik, Asturiasetik, Galiziatik, Aragoitik, Gaztelatik eta Kataluniatik heldu zirela gogora ekarrita.
"Gainera, lagun asko geratu ziren bidean, Altsasura iritsi ezinik", adierazi dute.
"Ez gara geldituko, honekin betirako bukatu arte. Maite zaituztegu, behar zaituztegu", nabarmendu dute esker ona adierazteko zabaldutako agirian.