Politika -
eusko legebiltzarra
Estatuaren indarkeriaren biktimen aitortza eskatu du Foro Sozialak Legebiltzarrean
18 biktimen lekukotzetan oinarrituta, Espainiar Estatuko 364 biktimen eskaerak eraman dituzte Gasteizko Ganberara. Egia eta aitorpena nahi dituztela esan du Foro Sozialak.
agentziak | erredakzioa
Foro Sozialak Espainiar Estatuko indarkeriaren biktimen inguruko txostena erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean, ordezkaritza duten talde politiko guztien esku uzteko.
Joan den martxoaren 16an Donostian egindako topaketan jasotako lekukotzetan oinarrituta osatu dute txostena, eta orotara, Estatuaren indarkeriaren 364 kasu eraman dituzte Gasteizko Ganberara.
"Egia eta aitorpena" nahi dituztela esan du Nekane Altzelai Foro Sozialeko eledunak. "Jaso ditugun lekukotzetatik ondoriozta daiteke Estatuaren indarkeriaren biktimek min bikoitza pairatu dutela; batetik, indarkeria jasan zutelako, eta bestetik, erakunde publikoen aldetik ahaztuak sentitzen direlako", esan du Altzelaik.
Espainiako Estatuaren estamentu ofizialen indarkeria pairatu duten biktimak ofizialki aitortzeko eskatu die Foro Sozialak erakundeei. "Biktimek ez dute justiziarik espero, baina egia jakitea nahi dute", adierazi dute.
Bestalde, Legebiltzarrean tramitatzen ari diren polizia abusuen inguruko legea "egokia" dela uste badute ere, "motz" geratzen dela esan dute Foro Sozialeko ordezkariek, "biktima asko kanpoan geratzen direlako".
"Gure txostenan jasotako biktimak ez dira kontuan hartzen lege horretan, eta guztiek dute egia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea. Guk uste duguna da biktima guztiak aintzat hartuak izan behar direla", gaineratu du Altzelaik.