Politika -
M26 hauteskundeak
Nola bozkatu posta bidez maiatzaren 26ko udal, foru eta europar hauteskundeetan
Hala egin nahi duten herritarrek apirilaren 2tik maiatzaren 16ra egin beharko dute eskaera.
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzaren 26ko udal, foru eta europar hauteskundeetan botoa posta bidez eman nahi duten herritarrek Correoseko edozein bulegotan egin beharko dute eskaera apirilaren 2tik maiatzaren 16ra.
Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren arabera, botoa posta bidez eskatzeko epea honakoa da: hauteskundeak deitzen dituzten egunetik, alegia, apirilaren 2tik, bozketa eguna baino 10 egun lehenagora, maiatzaren 16ra.
Dena dela, Hauteskunde-batzorde Zentralak erabaki lezake epea egun bat edo gehiagoz zabaltzea.
Ondoren, Hauteskunde Erroldaren Bulegoak bozkatzeko dokumentazio guztia bidali beharko dio eskatzaileari. Maiatzaren 6tik 19ra izan beharko da hori, legearen arabera.
Dokumentazioa beteta, hura dagokion hauteskunde mahaira bidali beharko du boto-emaileak. Hori egiteko maiatzaren 22ra arteko epea dago.
Nola egin eskaera?
Posta bidezko botoa eskatzeko Correoseko edozein bulegora joan beharko du eskatzaileak. Eskaera horren bitartez Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzari errolda ziurtagiria eskatuko dio. Hala, nortasuna egiaztatzeko, NANa, gidatzeko baimena, pasaportea edota bizileku txartela erakutsi beharko du eskatzaileak. Izan ere, eskaera egiteko norbera joan behar da bulegora.
Gaixotasuna edo ezintasuna tarteko, postetxera joateko modurik ez duten herritarrek dagokion mediku ziurtagiria izan beharko dute, eta notario batek baimendu beharko dio beste pertsona bati eskaera egitea.
Izapidea eginda, Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzari dagokio dokumentazioa etxera bidaltzea posta ziurtatu bidez.
Aukeratutako boto-papera gutun-azalean sartu eta itxi ostean, hura Correosera eraman beharko du herritarrak. Dagokion hauteskunde mahaira zuzenduta egon beharko du.
Zelan bozkatu atzerritik?
Aldi baterako atzerrian bizi diren euskal herritarrek apirilaren 2tik 27ra dute posta bidezko botoa eskatzeko. Epea berdina da atzerrian bizi diren egoiliarrentzat (VCERA).
Lehenengoek ez-egoiliar moduan alta eman eta ondoren, hauteskunde dokumentazioa eskatzeko inprimakia bete beharko dute. Dokumentazioa apirilaren 30tik maiatzaren 6ra heldu beharko zaie (epea maiatzaren 14ra arte luzatuko da inpugnazioak egonez gero). Herritarrek apirilaren 30etik maiatzaren 22ra izango dute botoa posta ziurtatu bidez bidaltzeko.
Atzerrian bizi diren egoiliarrek, bestalde, kontsuletxean izena emanda dauden egiaztatu beharko dute, ondoren posta bidezko boto eskaera egiteko. Aldi baterako atzerrian bizi diren herritarrekin dauden epe berdinak izango dira kasu honetan ere. Hori bai, botoa kontsuletxeko hautetsontzietan norberak sartzeko hautua eginez gero, epea maiatzaren 22tik 24ra izango da, biak barne.