Politika -
Adierazpen instituzionala
ANk Altsasu auziaz emandako epaiaren 'erabat kontra' dago Nafarroako Parlamentua
Bozeramaileen Batzordeak adierazpena onartu du gaur Apelazio Aretoak emandako epaiak 'zigor altuak berretsi dituelako eta auzi horretan egon den neurrigabekerian sakondu duelako'.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du gaur Auzitegi Nazionalaren Apelazio Aretoak Altsasu auziaz eman berri duen epaiaren harira. Adierazpenean epai horren "erabat kontra" dagoela nabarmendu du Ganberak.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek aurkeztu dute agiria, eta laurek egin dute horren alde. UPNk, PSNk eta PPNk, ordea, kontra bozkatu dute.
Adierazpenean irakur daitekeenez, "Nafarroako Parlamentua Auzitegi Nazionalaren Apelazio Aretoak emandako epaiaren erabat kontra dago, zigor altuak berretsi dituelako eta auzi horretan egon den neurrigabekerian sakondu duelako".
Horren ildoan, Ganberak "derrigorrezko" ikusten du "Auzitegi Gorenak eman beharreko epaian justizia eta proportzionaltasuna nagusitzea".