Politika -

GURE ESKU DAGO, MANIFESTAZIOA

Donostia horiz jantzi da, Kataluniako politikarien kontrako epaiketa salatzeko

Milaka pertsona bildu dira U-1eko erreferenduma bultzatu zuten politikari katalanei babesa agertzeko eta horien kontrako epaiketa salatzeko Gure Esku Dago plataformak deitutako manifestazioan.

Manifestazio burua, Groseko zubitik ateratzen. Argazkia: Gure Esku Dago
Manifestazio burua, Groseko zubitik ateratzen
Kataluniari elkartasuna adierazteko kalera atera dira Donostian, GEDk deituta

1:34

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona elkartu dira eguerdian Donostian, asteartetik Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren politikari katalanei babesa emateko eta epaiketa bera salatzeko manifestazioan.

Gure Esku Dago herri plataformak deitutako martxa 12:20 aldera abiatu da Gros auzoko Katalunia plazatik, eguzki betean, "Konponbidea. Democracia.Llibertad. Elkartasuna aterpe" leloa daraman pankartaren atzetik.

Hasi aurretik aterki horiak banatu dituzte antolatzaileek eta jende asko horiz jantzita edo xingola horiekin agertu da. Hala, kolore horia deigarria izaten ari da urrunetik ere manifestazioari begiratuta.

"Ez da soilik katalanen aurkako epaiketa. Denon eskubideak epaitzen ari dira. Salatu dezagun" adierazi dute antolatzaileek. Angel Oiarbide GED plataformako bozeramaileak manifestazioa hasi aurretik komunikabideen aurrean berretsi du "Madrilen hasi duten epaiketa demokraziaren kontrakoa" dela eta erabakitzeko eskubidea "ezin dela delitua izan".

EH Bilduko ordezkaritza zabala izan da manifestazioan: Maddalen Iriarte, Pello Urizar, Jasone Agirre eta Nerea Kortajarena parlamentarioak, Marian Beitialarrangoitia Kongresuko diputatua eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, besteak beste.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia ere bertan izan da, eta EAJren izenean, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Joseba Agirretxe Kongresuko diputatua izan dira.

EAJren izenean, Maria Eugenia Arrizabalagak esan du epaiketa hau "demokraziaren kontra doan prozedura bat" dela, eta EH Bilduren izenean, Maddalen Iriartek gaineratu du "Madrildik datorren inboluzioa oso arriskutsua" dela herri honek azken urteotan izan dituen lorpenak arrisku larrian jartzen dituelako, eta horri "herri gisa erantzun behar" zaiola.

PANKARTA

Manifestazio burua, Katalunia plazatik abiatu denean. Argazkia: Maria Agirre | Euskadi Irratia

Atzo, milaka manifestari (200.000 Udaltzaingoaren arabera eta 500.000 antolatzaileen arabera) atera ziren kalera Bartzelonan, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma dela eta Madrilgo Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren politikari katalanei babesa agertzeko, Autodeterminació No És Delicte (autodeterminazioa ez da delitua) leloa idatzita zeraman pankartaren atzean.

Goreneko epaiketaren aurkako mobilizazio erraldoia izan da Bartzelonan
Goreneko epaiketaren aurkako mobilizazio erraldoia izan da Bartzelonan
Goreneko epaiketaren aurkako mobilizazio erraldoia izan da Bartzelonan

1:07

Alor ugaritako 69 lagunek 'konponbide politikoa' eskatu dute Kataluniarentzat

Gogoan izan behar da aste honetan bertan hainbat arlotako 69 herritar ezagunek Gure Esku Dagoren manifestua sinatu dutela, Kataluniako gatazka politikoari irtenbide politikoa eman diezaiotela eta preso dauden buruzagi independentista katalanak aska ditzatela eskatuz.

'Konponbide politikoaren alde' manifestua, ondoko hauek sinatu dute, besteak beste: Fernando Bernues antzerkigileak; Mireia Gabilondo eta Itziar Ituño aktoreek; Ruper Ordorika, Evaristo Paramos, Fermin Muguruza eta Gorka Urbizu abeslariek; Asier Illarramendi Realeko kapitainak; eta Gemma Zabaleta PSE-EEko kide ohiak.

Agiriaren sinatzaileek preso katalanak (Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn) "berehala" aska ditzatela exijitzen dute, "haien espetxeratzea bidegabea izan zelako".

'Causa Especial' erreportajea, gaur, '360º' saioan ikusgai

Asteartean hasi zen epaiketari lotuta, ETB2ko '360º' saioak Causa Especial Mediapro ekoiztetxearen erreportajea eskainiko du gaur. Jaume Rouresek zuzendu eta Lluis Arcarazok idatzitako dokumentalak 17 epaile, fiskal, legelari eta Zigor Zuzenbide eta Zuzenbide Prozesaleko katedradunen hitzak bilduko ditu. Adituen testigantzetan oinarrituta, procès katalanaren arduradunen kontrako prozesu judizialaren nondik norakoak sakonean ulertzeko gakoak emango ditu saioak. Izan ere, prozesu judizial honek bide luzea egin du: Kataluniako Parlamentuak onartutako Autonomia Estatutuaren erreformaren aurka Auzitegi Konstituzionalak jarri zuen errekurtsoarekin hasi zen 2006an.

Prozesu judizial honen analisia ardatz hartuta, sistema judizial osoaren gaineko hausnarketa egingo du igandeko erreportajeak. Benetako matxinada bat antolatu al zuten? Akusazio honek oinarri juridikoa al dauka? Instantzia judizial gorenak alderdi politikoen intereserako tresna al dira?

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Donostia Kataluniako erreferenduma Gure Esku Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak