Politika -

Ministroen Kontseilua

Sanchezen agerraldia hauteskunde orokorren dataren berri emateko

Litekeena da apirilaren 28rako deitzea.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Artxiboko argazkia: EFE
Sanchezek hauteskunde orokorren dataren berri emango du ostiral honetan
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Litekeena da Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeen aurrerapena baieztatzea gaur, eta baita data zehaztea ere. Hauteskundeak udaberrian izan daitezke, maiatzaren 26ko udal hauteskundeak baino lehen.

Hauteskunde orokorrak apirilaren 28rako deitzea posible da, Exekutiboko presidentearen ingurukoek azaldu dutenez. Antza denez, erabakia asteazkenean hartu zuen buruzagiak.

Sanchezek agerraldia 10:00ak aldera egingo du, Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egin ondoren. Ezohiko bilera 09:00etan hasiko da.

Presidenteak Gorteak desegin behar dituela aditzera ematen du bileraren ezohiko izaerak.

Gobernuko kide guztiek hauteskundeen aurrerapena onartu dute, baina neurriak prestatzen jarraitzen dute, nahiz eta proiektu legegileak bertan behera geratu Gorteak desegiten baldin badira.

Ohiko bilera

Ezohiko Ministro Kontseiluaren eta Sanchezen agerraldiaren ondotik, Gobernuak ohiko bilera egingo du. Besteak beste, Francisco Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeko agindua aztertuko dute Exekutiboko kideek; izan ere, Gobernuaren promes nagusietako bat da.

Ez da bakarra izango; Hezkuntza Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, hezkuntza lege-proiektua Kontseilura eramango dute ostiral honetan, LOMCE indargabetzeko saiakeran.

Diktadorea hobitik ateratzeko ekimenak aurrera jarrai dezake, nahiz eta Gorteak desegin, baina ez da berdina gertatzen hezkuntza erreformaren kasuan, tramitazio parlamentarioa behar duelako.

Erreforma aurrera egin edo airean geratu, Sanchezen erabakiaren eta hauteskundeetako dataren menpe egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ministroen Kontseilua bideoak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak gaur