Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

EH Bilduk ez die 'txeke zuri bat' emango Jaurlaritzaren premiazko aurrekontu neurriei

Dena den, koalizioak ez du argitu ostegunean Eusko Legebiltzarrean egingo den bozketan zer jarrera hartuko duen.

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea
Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko aurrekontu proiektua erretiratu ostean, premiazko aurrekontu neurriak onartzeko hiru lege-proiektu aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta ostegun honetan egingo horien bozketa Eusko Legebiltzarrean. Bozketa horri begira EH Bilduk gaur iragarri duenez, ez dio "txeke zuri bat" emango Jaurlaritzari, hiru lege-proiektuak aurrera ateratzeko. Dena den, koalizioak ez du zehaztu biharko bozketan zer jarrera hartuko duen.

Hiru lege-egitasmo horietako bi, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari eta Administrazio Publikoko funtzionarioen igoerari buruzkoak, aurrera aterako ditu Urkulluren Gobernuak Elkarrekin Podemosen abstentzioari esker. Ikusteke dago itunpeko ikastetxeen inguruko lege-proiektuarekin zer gertatzen den.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura horren atarian Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du beste behin, lege-egitasmo horiek irakurketa bakarrean onartu nahi dituelako (ezingo zaizkie zuzenketak aurkeztu eta testu bakoitza bloke bakarrean bozkatuko da).

EH Bilduren boto-asmoen berri eman ez badu ere, koalizioak orain arteko jarrerari eutsi eta "koherentzia" mantenduko duela azpimarratu du. Edozein kasutan, ez omen dio "txeke zuri bat" emango Jaurlaritzari.

Elkarrekin Podemosen aurkako hitzak ere izan ditu eta, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari "txeke zuri bat" ematea leporatu dio.

Bestalde, "autoritarismoaren eta oposizioaren bidea" alboratzeko eta bihartik aurrera "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidea zabaltzeko eskatu dio Urkulluren Gobernuari. Horrela izanez gero, Eusko Jaurlaritzak EH Bildu aurkituko duela gaineratu du. "Gurekin egindako negoziazio orotan mamiak eta formak bat etorri behar dute", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Ekonomia albisteak EH Bildu Nafarroa Albisteak Gaur Albisteak Aurrekontu Publikoak 2024