Politika -
Aurrekontu Neurrien Legea
Atzera egiteko eskatu dio Otegik Jaurlaritzari, proposamena eztabaidatu ahal izateko
Otegiren ustez, Eusko Jaurlaritzak onartu egin behar du gainerako talde politikoekin hitz egiteko beharra daukala, "bereziki oposizioko lehen alderdiarekin".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektua negoziatzeko prest agertu da, betiere, Eusko Jaurlaritzak "atzera egin" eta jardunbidea irakurketa bakarrera mugatzen ez badu, "bide horrek ez diolako oposizioari bere lana egiten uzten".
Otegik prentsaurrekoa eman du Donostian, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea aldamenean zuela, koalizioaren asteroko bileraren ondotik. Gaurko hitzorduan Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako lege proposamena izan dute ardatz.
Ildo horretan, buruzagi abertzaleak esan du otsailaren 14ra arte "denbora nahikoa" dagoela neurriak negoziatzeko, "baina horretarako Jaurlaritzak gehiengorik ez duela onartu behar du". "Gu beti egon gara hitz egiteko prest, baina horretarako zenbait kontu zuzendu beharko dituzte", gaineratu du Otegik.
"Aurrekontuetan laguntzeko neurriak irakurketa bakarraren prozedurarekin onartzeak esan nahi du aukera bakar hori ematen digutela", alegia, ez diela legebiltzarkideei haien beharra egiten uzten, gaineratu du.
Hain zuzen ere, Otegiren iritziz, hautatu duten bide horrek ez die oposizioko alderdiei ekarpenik egiten uzten, eta ez die neurriak negoziatzeko aukerarik ematen. "Parlamentua hutsaren hurrengo bihurtzen du, trabak jartzen ditu gure lana egiteko orduan", zehaztu du.
Buruzagi independentistak ziurtatu duenez, EH Bilduk berba egiteko interesa dauka, lege horrek barne hartzen dituen zenbait neurri eztabaidatu nahi dituelako; besteak beste, funtzionarioen soldata igoerak eta EHUren finantzaketa.
"Alabaina, horretarako beharrezkoa da Jaurlaritzak atzera egitea eta gainerako talde politikoekin hitz egiten hastea, bereziki oposizioko lehen alderdiarekin", esan du.