Politika -
Memoria eta Bizikidetza
Elkarrizketaren eta adostasunaren bidea urratzeko eskatu die Foro Sozialak alderdiei
“Bizikidetzari, biktimei eta preso dauden pertsonei dagokienez adostasuna lortzeko aukera ugari” daudela esan du Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean Memoria eta Bizikidetza lantaldea osatzen duten talde parlamentarioei “elkarrizketaren eta adostasunaren bidera itzultzeko deia” egin die ostiral honetan Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren bozeramaileak. Azken egunetan izandako desadostasunen harira, agiri bat kaleratu du Hernanek.
“Bizikidetzari, biktimei eta preso dauden pertsonei dagokienez adostasuna lortzeko aukera ugari” daudela esan du Foro Sozialeko bozeramaileak, eta hori frogatzen duten “jazoerak” egon badaudela nabarmendu du. Ildo horretatik, aste honetan “bi argazki desberdin eta kontrajarri” ikusi ahal izan direla gaineratu du, Euskadin bake eta bizikidetza prozesuak bizi duen “egoera konplexuari” aipamen eginez.
Bere iritziz, Memoria eta Bizikidetzaren lantaldean sortu diren desadostasunek argazki bat utzi dute aste honetan. Dena dela, bakearen eta bizikidetzaren alde egindako lana azpimarratu du, eta hiru adibide jarri ditu:
Alde batetik, Rosa Lluchek (Ernest Lluch PSOEko ministro ohiaren alaba, ETAk hil zuen) eta Ane Muguruzak (Josu Muguruzaren alaba, eskuin muturreko talde batek hil zuen) Bilbon izandako “topaketa hunkigarria” nabarmendu du; eta bestetik, euskal presoek bizi duten egoerarekin amaitzeko hamar sindikatuk izandako bilera. Halaber, Arrasateko Udalbatzak osatutako Memoria eta Bizikidetza mahaiak 'Memoria partekatu baterantz' egindako lana txalotu du.
Gauzak horrela, “elkarrizketaren eta adostasunaren bidera itzultzeko deia” egin die ostiral honetan Foro Sozial Iraunkorrak Memoria eta Bizikidetza lantaldea osatzen duten talde parlamentarioei, “lehentasuna akordioei” eman diezaioten.