Politika -

Skolae

Solanak bizkartzaina darama 'mezu faxistak' jaso ondoren

Gainera, Skolae programaren aurkako “material pornografikoa” jaso dutela salatu du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Kontseilaritzak Foruzaingoaren aurrean.

Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE
Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE
Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Skolae hezkuntza programaren aurkako “material pornografikoa” jaso dutela salatu du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Kontseilaritzak Foruzaingoaren aurrean. Igorlea faltsutu omen dute, zentro publiko bat ordezkatuz.

eldirarionorte.es webguneak aurreratutako informazioa baieztatu du Kontseilaritzak. Berdintasun arloari bidalitako gutun batean “material pornografikoa” jaso zuten. Skolae programaren aurkako “eraso” bat bezala ulertzen du Foru Exekutiboak. Gutuna ez zen Correosetik pasa, eta zuzenean, bertan utzi zuten.

Kontseilaritzaren hitzetan, Skolae programaren xedea “berdintasunean irakastea” da. Hala ere, polemika handia piztu du esparru batzuetan. Isabel Celaa Hezkuntza ministroak galdera bat erantzun behar izan zuen Senatuan. Mota horretako ekimenak “ezinbestekoa” direla azpimarratu zuen ministroak erantzunean.

Irudi pornografikoengatik salaketa aurkeztu zuen Kontseilaritzak Foruzaingoaren aurrean. Iragan ekainean beste bat jarri zuten, Solanaren bulegoan hiru aldiz sartu ondoren. “Mezu faxistak” utzi zituzten erasotzaileek. “Jazarpena” salatu zuten orduan.

 

Solana: "Eskerrik asko elkartasunagatik"

 

Orduz geroztik, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak bizkartzaina darama segurtasunagatik.

“Kontseilari baten bulegoan indarrez sartu eta mezu politikoak modu horretan uztea ez da onargarria; kritika politikoa egin daiteke, baina ez era horretan”, salatu du Kontseilaritzak. “Mehatxuak eta bortxa izan ala ez” Skolae programarekin aurrera jarraituko dutela berresi du Nafarroako Gobernuak, “emakume eta gizonen arteko berdintasuna lantzeko” helburua duelako.

Kontseilariak ez du adierazpenik egin, baina Twitter sare sozialean jasotako babesa eskertu du: “Eskerrik asko elkartasunagatik. Hezkuntzan kalitatea, berdintasuna eta eleaniztasuna lortzeko lanean jarraitzeko sendo dago taldea”.

Bestalde, Uharten, aniztasunaren aldeko horma-irudi batek jasan duen erasoa deitoratu du kontseilariak sare sozialean: “Aniztasunaren, askatasunaren eta Skolaek ordezkatzen duen guztiaren kontrako eraso onartezina. Oso tristea”.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Hezkuntza Foruzaingoa