Politika -
Estatutua
Urkullu: 'Espetxe eskuduntza ez transferitzea ez da nik Sanchezekin hitz egindakoa'
Lehendakariak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari erantzun dio. Ministroaren esanetan, eskuduntza hori 'orain ez dago agendan'.
Agentziak | Erredakzioa
Espetxe eskuduntza EAEren esku uztea "orain agendan ez" dagoela esan zuen atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak. Iñigo Urkullu lehendakariak biharamunean erantzun dioenez, ordea, adierazpen horiek ez datoz bat berak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin hitz egindakoarekin.
Urkulluk Eusko Legebiltzarrean gaur egiten ari diren kontrolerako saioan egin ditu adierazpenak, Unai Urruzuno EH Bilduren legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez.
"Ministroaren hitz horiek ez datoz bat Jaurlaritzaren programarekin eta nik, lehendakari gisa, Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egindakoarekin", azpimarratu du lehendakariak.
AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbide lineak transferitzeko aurreakordioa lortu berri dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Ituna astelehenean egingo dute ofizial, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak Bilbon egingo duen bileran.
Horri buruz "lehen pauso positiboa" dela esan du Urkulluk. Izan ere, zazpi urte dira Batzorde hori biltzen ez dela. "Espainiako Gobernuak beste jarrera bat erakutsi du transferentzien inguruan, eta akordio eta negoziazio hori eskertu behar zaio", azaldu du lehendakariak.
Urkulluren ahotan, transferentzia bakoitza garrantzitsua da, "ez da txikikeria, egoera desblokeatzeko balio izan duelako".
Nabarmendu duenez, "aurrerantzean ere Espainiako Gobernuaren inplikazioa bilatzen jarraituko dugu transferentzia guztiak lortzeko, baita espetxeena eta Gizarte Segurantzarena ere".