Politika -

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Emakume izateagatik emakumeek pairatzen duten indarkeria onartu du Barkosen Gobernuak

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du igandean ospatuko den emakumeen aurkako Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du, datorren igandean (azaroak 25) ospatuko den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira. Foru Gobernuak aitortu duenez, emakumeek emakume izateagatik indarkeria sufritzen dute.

"Emakumeek emakume izateagatik sufritzen duten indarkeria da giza eskubideen urraketarik ohikoena munduko gizarte guztietan; baita gurean ere", azpimarratu du.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legeak aitortzen du eskubidea dagoela emakumeen aurkako indarkeriak eragindako kaltea konpontzeko, bai modu indibidualean eta baita modu kolektiboan ere.

"Genero indarkeriak eragindako kalteak konpontzea administrazioen betebeharra dugu eta konpentsazio ekonomikoa, erasotzailea kartzelaratzea eta neurri penalen edo bestelako neurrien ezarpena dakar. Baina haratago ere joan behar du. Konponketa horrek aitortu behar du emakume horiek ez zutela zertan jasan bizi behar izan duten egoera, egoera bidegabe eta onartezina, guztioi dagokigun arazo sozial batek sortutakoa. Beraz, eraldatu egin behar ditugu testuinguru diskriminatzaile eta misoginoak, emakumeen aurkako indarkeria ahalbidetzen dutenak", dio Gobernuak.

Halaber, Nafarroako Gobernuak omenaldia eta aitorpen publikoa egin nahi die emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei eta esperientzia horretatik bizirik atera direnei. Ez hori bakarrik, gauza bera egitera gonbidatu du Nafarroako jendartea, sozialki emakume horiekin zor bat dagoela iritzita. "Azken 20 urteetan Nafarroan hil dituzten 18 emakumeak gogora ekarriz eta aitortuz hasi nahi dugu", azpimarratu du.

Gainera, Nafarroako Gobernuak lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak prebenitzeko eta berriro ere halakorik ez errepikatzeko. Halaber, baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen eta hobetzen segituko du. Aldi berean, emakume bakoitzak erreparaziorako eskubidea erabiltzea eta justizian sarbidea izatea ahalbideratuko da.

Erakundeen konpromisoak eta gizartearenak batera joan behar dute. Horregatik, Nafarroako Gobernuak gizartea animatzen du egun honen inguruan indarkeria arbuiatzeko eginen diren ekitaldietan parte hartzera eta egoera honetan dauden emakume guztien aitorpena egitera eta haiek babestera, guztiok lana egin dezagun gizarte solidarioa, zuzena eta emakumeen aurkako indarkeriarik ez duena lortzen”.

Azkenik, azaroaren 25aren harira egunotan indarkeria matxista arbuiatzeko egingo diren ekitaldietan parte hartzeko eta egoera horretan dauden emakumeak babesteko eta aitortzeko deia egin die Gobernuak herritarrei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Berriak Politika Indarkeria matxista Nafarroa gaur Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna