Politika -

2019ko aurrekontuak

Jaurlaritzak dio PPk ‘bere burua baztertu’ duela aurrekontuen negoziazioetatik

EAJk EH Bildurekin duen akordioa hausten ez badu, Alderdi Popularrak ez ditu datorren urteko aurrekontuak babestuko. Asteartean bilduko dira EH Bildu eta EAJ.

Alderdi Popularra eta Eusko Jaurlaritza asteazken honetan bildu dira. Argazkia: EFE
Alderdi Popularra eta Eusko Jaurlaritza asteazken honetan bildu dira. Argazkia: EFE
PPk osoko zuzenketa aurkeztuko die datorren urteko aurrekontuei

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren eta PPren ordezkariek 2019ko Aurrekontuen inguruan hitz egiteko bilera egin dute astelehen honetan. Alabaina, ez dute adostasunik lortu, eta Jaurlaritzaren iritziz, PPk uko egin dio datorren urterako EAEko kontuen proposamenaren inguruan negoziatzeari, “aurrekontuetatik kanpo dauden beste gai batzuk aipatu baitituzte”. Alderdi Popularraren ustez, berriz, aurrekontuen proiektua EH Bilduri egindako “keinu bat” da.

Estatus politiko berriari buruz EAJk eta EH Bilduk sinatutako ituna apurtzea ezinbesteko baldintzatzat jarri zuen PPk aurrekontuak babesteko, baina EAJk uko egin zion horri, PPk hori lortzeko proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuenean. Gauzak horrela, PPk ez ditu abestuko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuak, eta baliteke osoko zuzenketa aurkeztea kontuei. Ordubetez egon da batzartuta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua Anton Damborrenea eta Laura Garrido Alderdi Popularreko ordezkariekin.

Larunbatean, Elkarrekin Podemosek “agortutzat” eman zuen aurrekontuak babesteko aukera, EAJk "EH Bildurekin bakarrik negoziatzea bilatu" duela arrazoitu ostean. Horrenbestez, koalizio abertzalea da kontuak negoziatzeko prest jarraitzen duen bakarra.

Astearte honetan bertan bilduko dira berriro EH Bilduren ordezkariak eta Azpiazu. Ostiralean, Azpiazuk 48 milioi euro nora bideratzea negoziatzea proposatu zion koalizio abertzaleari. EH Bilduk positibotzat hartu zuen proposamena, baina argi utzi zuen Azpiazuk proposatutako diru-sailak "nahikoak ez" direla.

Hala, EH Bilduk positibotzat hartu zuen Jaurlaritzak hasierako planteamendua aldatu izana, eta eskaintza entzungo zuela ziurtatu zuen. Ondorioz, EH Bildu da EAJ eta PSEren Eusko Jaurlaritzak daukan aukera bakarra aurrekontuak koalizioaren bi abstentziori esker onartuak izateko.

Aurreko bi legealdietan, Jaurlaritzak PPren babesari esker onartu zituen aurrekontuak. Damborenearen esanetan, aldiz, “dinamika horrekin jarraituz gero, ez dute PPren babesa izango”.

“Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk estatus berriaren inguruan sinatutako ituna indarrean dagoen bitartean, ez dugu ezer negoziatuko”, ohartarazi du PPko legebiltzarkideak. Hala, azaroaren 29a baino lehen akordio hori hautsi ezean, Alderdi Popularrak kontuei osoko zuzenketa aurkeztuko diela aurreratu du Damboreneak.

Era berean, 2019rako Aurrekontuen proiektuak gastu publikoa handitzea aurreikusten duenez, inbertsioetara bideratutako dirua “mugatuko” litzatekeela salatu du Damboreneak.

Beste alde batetik, Azpiazuren sailetik nabarmendu dutenez, iazko aurrekontuetan PPrekin adostutako puntu guztiak bete ditu Jaurlaritzak.

 

EH Bildu: "Pentsioak osatzeko aurrekontu-sail handiagoak bideratu behar dira"

 

Bestalde, koalizioak 2019ko aurrekontuak onar ditzan, “pentsioak osatzeko aurrekontu-sail handiagoak bideratu” beharko direla azalduko dio EH Bilduk Azpiazuri astearte honetan. EH Bilduren ahotan, “dirua badago”, baita negoziazioak “bukaera ona izateko denbora nahikoa” ere.

EH Bilduk agiri batean azaldu duenez, Mahai Politikoa bildu da astelehen honetan, besteak beste, EAEko Exekutiboarekin izandako elkarrizketak aztertzeko.

Mahaiaren esanetan, iragan ostiraleko bileran Eusko Jaurlaritzak egindako planteamenduak “ez ditu EH Bilduren eskaerak asebetetzen; izan ere, pentsioak osatzeko aurrekontu-sailek ez dituzte pentsiodunen arazoak konponduko, ezta gutxiago ere”.

“Pentsioak osatzeko diru gehiago bideratu behar du Eusko Jaurlaritzak. Ez badu hala egiten, EH Bilduk ez ditu 2019ko aurrekontuak onartuko”, errepikatu du koalizioak.

Koalizioak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak “pentsioak osatzeko eskumenak ditu, Exekutiboak berak ostiraleko erantzunarekin onartu bezala”, baina ez du “partida ekonomiko nahikorik bideratzen”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak berriak Euskadiko PP Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Aurrekontu Publikoak 2024