Politika -
Omenaldia
Atentatu mota guztietan hildako donostiarren omenez 128 plaka jarriko dituzte hirian
Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek “begi onez” ikusi dute ekimena, “ñabardura batzuk” egin dituzten arren. Biktima bakoitzaren ingurukoek “askatasun osoz” erabakiko dute zer egin.
Agentziak | erredakzioa
Atentatu mota guztietan, Gipuzkoako hiriburuan zein hiritik kanpo, hil diren donostiarren omenez 128 ikur jarriko dituzte hirian. Hala iragarri du Eneko Goia Donostiako alkateak ostegun honetan. Giza Eskubideen batzordean, Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek “begi onez” ikusi dute ekimena. Datozen hilabeteetan jarriko dute martxan, eta biktima bakoitzaren ingurukoek “askatasun osoz” erabaki ahal izango dute zer egin.
Giza Eskubideen batzordea amaitutakoan egindako agerraldian, ekimenak “orokorrean harrera ona” izan duela nabarmendu du Goiak, alderdi politikoek “ñabardura batzuk” egin dituzten arren. “Ekimena datozen hilabeteetan martxan jarri ahal izateko lanean jarraitu dezakegula argi daukagu”, esan du. Hala, proiektuaren nondik norakoak “zehazteko” eta biktima bakoitzaren senideen ikuspuntua ezagutzeko lanean hasiko dira datozen egunetan.
Alkateak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktima guztiak hartuko dituzte gogoan. Gauzak horrela, Donostian hildako hiritarrez gain, “Donostiatik kanpo hil zituzten donostiar batzuk ere” egon badaudela azaldu du. Hala, “zenbait zailtasun” izan dezaketen kasuei begira, biktima horien ingurukoei “askatasun osoz” zer egin erabakitzen utziko dietela esan du.
Bere iritziz, “kasu guztiak banaka aztertzean dago gakoa”, egitasmo honek aurrera egin dezan. “Gauzak ondo egiteko banan-banan aztertu behar ditugu kasuak, inor gogaitu gabe eta egoera deserosorik eragin gabe. Biktima guztiak zintzotasunez omentzeko egitasmoa egin nahi dugu”, azaldu du Donostiako alkateak.
Hirian jarriko dituzten plakei dagokienez, Goiak jakinarazi du Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek adostasuna lortu dutela. “Ikur xumea behar du, biktima oroitzeko, non hildako pertsona horren izena, atentatuaren egilea eta data agertu behar diren”, gaineratu du.
Ildo horretatik, “iraungitze-datarik ez duen ekimena” dela azpimarratu du Goiak. “Prozesua martxan jartzen dugunean; bidea beti egongo da zabalik, ez dugu itxiera datarik aipatu. Biktima gisa izendatutako hiritarrak omentzeko senideei luzatuko zaien proposamen bat da, eta haiek erabakiko dute proiektuan parte hartu nahi duten ala ez. Era berean, iritziz aldatzeko aukera izango dute beti”, esan du.
Donostiako alkateak zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak aitortutako 128 biktima horiek izango dituzte gogoan, baina etorkizunean zenbaki hori alda daitekeela esan du: “Horietatik, 107 ETAren, tokiko komandoetako eta antzeko talde txikietako biktimak dira; lau, GAL eta antzeko beste taldeenak; 11, Espainiar Estatuko segurtasun indarrenak eta, beste sei, oraindik argitzeke dago nor izan den atentatuaren egilea”.