Politika -
Lehen topaketa
'Distentsioaren' eta 'elkarrizketaren' bidea defendatu du Urkulluk Torraren aurrean
Bestalde, “politikoa den arazo bati irtenbide politikoak bilatzeko, aldebiko harreman” bat eskatu dio Generalitateko presidentak Espainiako Gobernuari.
eitb.eus
“Distentsioaren eta elkarrizketa politiko eta instituzionalaren bideari eusteko beharra” azpimarratu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Quim Torra Generalitateko presidentari.
Urkulluk eta Torrak bilera egin dute gaur Ajuria Enea jauregian, Gasteizen. Egoera politikoa aztertzeko bien arteko lehen hitzordua izan da. Ondoren agerraldi bateratua egin dute. Bi erkidegoen autogobernuan sakontzeko estrategia ezberdinak agerian utzi dituzte bi buruzagiek.
Diputatuen Kongresuko “egungo gehiengo parlamentarioa aprobetxatzeko beharra” nabarmendu dio lehendakariak Torrari, konponbide bat bilatzen saiatzeko.
Bestalde, “politikoa den arazo bati irtenbide politikoak bilatzeko aldebiko harreman" bat eskatu dio Torrak Espainiako Gobernuari.
Abenduaren 21ean, Bartzelonan, egin beharreko Ministroen Kontseilua hizpide izan du presidentak. Kataluniako eta Espainiako exekutiboen “aldebiko” bilera bat antolatzeko aukera ikusten du Torrak.
“Bilera sakon bat nahi dugu, Kataluniako gizartearen mahai gainean dauden gaiak aztertzeko”, adierazi du presidentak. Pedro Sanchezekin Moncloan bildu zenean, berriz batzartzeko gonbita egin ziola gogorarazi du Torrak, baina “hilabeteak” itxaroten eman dituela gaineratu du.
Torrak joan den udaberrian kargua eskuratu zuenetik bi agintariek egin duten lehen bilera izan da. Katalunia tentsio aldi gorenean murgilduta zegoenean, Urkulluk berak bitartekaritza lanak egin zituen Carles Puigdemonten gobernuaren eta Mariano Rajoyren exekutiboaren artean.
Urkulluk aldebakarreko independentzia aldarrikapena saihestu nahi zuen bi aldeekin hitz eginez. Halaber, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ez ezartzeko eskatu zion Rajoyren gobernuari. Gauzak horrela, Katalunian aurreko egunetan bizitako tentsioa zertxobait baretu zela zirudien 2017ko urriaren 25eko gauean.
Dena dela, Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak atzera egin zuen Katalunian hauteskunde aurreratuetara deitzeko asmoan, Espainiako Gobernuak 155. artikulua ez aplikatzeko bermerik eman ez ziolakoan. Hauteskundeen bitartez, baina, 155.a saihets zezakeela aholkatu zion Urkulluk Puigdemonti.
Asteazken honetan, Torrak eta Urkulluk lan-bazkaria izan dute Ajuria Enea jauregian. Ondoren, Kataluniako Generalitateko presidentea Donostiara joan da, eta Gure Esku Dago ekimenak gonbidatuta, Kataluniako egoeraren inguruko hitzaldia eman du Kursaal jauregian.