Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
De Miguelek ez du akordiorik lortu fiskalarekin eta defentsari soilik erantzungo dio
Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak epaiketa berrekin aurretik azpimarratu duenez, adostasuna lortu du akusatuetako batzuekin. Dena den, ez du zehaztu norekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfredo De Miguel Arabako EAJko buruzagi ohi eta De Miguel auziko akusatu nagusiak ez du akordiorik lortu Fiskaltzarekin eta defentsa abokatuaren galderak soilik erantzungo ditu, gaur Arabako Lurralde Auzitegian berrekin den epaiketan. Fiskaltzak 54 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat hogei delitu leporatuta, besteak beste, prebarikazioa, eroskeria eta trafiko influentzia.
Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak epaiketa berrekin aurretik Arabako Justizia Jauregiaren atarian adierazi duenez, azkenean, "zoritxarrez", ez da akordiorik izan Fiskaltzaren eta De Miguel auziko akusatu nagusien artean. Hala ere, akusatuetako batzuekin adostasuna lortu duela azpimarratu du.
Izagirreren esanetan, akordio partzial horrek agerian utziko luke Fiskaltzak hasieratik defendatu duena, hots, legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bat zegoela.
Izagirrek ez du zehaztu nahi izan norekin eta zeri buruz lortu duen adostasuna. Fiskalburuaren hitzetan, ikusteke dago akusatuek zer deklaratzen duten, akordioa lortu dutenak tartean.
Gaur berrekin diote De Miguel auziko epaiketari, Euskal Herrian sekula epaitutako ustezko ustelkeria auzirik handienari. Arabako EAJren hainbat buruzagi ohi daude inputatuta. Iragan urriaren 1ean epaiketa beste 15 egunez etetea erabaki zuen epaimahaiak, Arabako fiskalburuak eskatuta, Fiskaltza eta defentsak zigorraren inguruko akordioa lortzeko lanean jarraitzeko.
Epaiketa hasi aurretik, akordioa akusatuetako zeinekin lortu duen argitzeko eskatu dio De Miguelen abokatuak fiskalari. Abokatuaren hitzetan, Alfredo De Miguel deklaratzen lehena izaki, bere bezeroak "egoera berezi" bat bizi dezake. Halaber, deklarazioen ordena aldatzea ere eskatu du.
Fiskalburuak uko egin dio eskaerari eta, izatekotan, akordioa lortu dutela esatea defentsa abokatuei dagokiela esan du.
Jaime Tapia epaimahaiko presidenteak, bere aldetik, gaur-gaurkoz bere akordiorik ez dagoela eta oraingoz "garrantzirik" ez duela azaldu du. Hori dela eta, atzera bota ditu De Miguelen abokatuak egindako eskaerak.
Izapide horiek argitutakoan, De Miguelen deklarazioa hasi da. Ezer baino lehen, bere abokatuaren galderei soilik erantzungo diela aurreratu nahi izan du.
Ahozko epaiketan, grabazio bat entzun da. Bertan, 100.000 euroko legez kanpoko komisio bat eskatzen zitzaion Ainhoa Alberdi abokatuari, Miñanoko Parke Teknologikoa handitzeko obrak Urbanorma Consulting enpresari esleitzeagatik. Alfredo De Miguelek ukatu egin du grabazioan entzuten den ahotsa berea denik. Ez hori bakarrik, elkarrizketa hori manipulatua izan da.
Akusatuen aulkian, besteak beste, Alfredo de Miguel Arabako EAJren bigarrena eta batzarkide jeltzale ohia eserita dago. Fiskaltzak 54 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du, ustezko ustelkeria sarearen buruzagia izatea egotzita.
Era berean, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJren kide ohiak, Gurutz Larrañaga Juan Jose Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzan Kultura eta Gazteria sailburuordea izandakoa, Julian Sanchez Alegria Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidente ohia eta Maria Justina Angulo Zanbranako (Araba) EAJren alkate ohia akusaturik daude.