Politika -
Bakegintza
Nafarroak 'konponbide integral' propioa behar duela uste du Foro Sozialak
Nafarroak “nortasun propioa du, eta baita gatazka bere haragitan bizitzeko modu propioa ere”, agiri batean azaldu dutenez.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroak nortasun eta “gatazka bere haragitan” bizitzeko era propioa duela azpimarratu dute gaur Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek. Horregatik, Foru Erkidegoak “konponbide integral” propioa garatu behar duela uste dute.
Espe Iriartek euskaraz eta Fernando Armendarizek gaztelaniaz prentsa-oharra irakurri dute. “Gatazkaren konponbidean azken bi urteetan aurrerapauso ugari eman dituzte Nafarroan”, adierazi dutenez, esanguratsuenak “armagabetze zibila eta ETAren desegitea”.
Hala ere, “ez ditugu ahaztu behar indarkeria adierazpen guztien biktimak aitortzeko aurrerapauso garrantzitsuak, pertsona presoen birgizarteratzearen inguruko akordio zabalak Parlamentuan eta Foru Ganbera barruan zein kanpoan alderdien arteko elkarrizketa politikoa”, erantsi dutenez.
Foro Sozialaren hitzetan, Nafarroan eta EAEn “elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskarriak hiru dira: indarkeria adierazpen guztien biktima ororen aitortzan aurrera egitea, pertsona preso guztien problematikari irtenbide integrala ematea eta kontakizun guztiak errespetatzen dituen memoria barnerakoi bat garatzea”.
Erronka komunei Nafarroako erronka berezia gehitu behar zaie, “nortasun propioa duelako, eta baita gatazka bere haragitan bizitzeko modu propioa ere”, gaineratu dutenez.
Horregatik, Nafarroak “hiru arlo horietan ahots handiagoa izatea, eta konponbide integral propioa eraikitzea” helburu ditu Foro Sozial Iraunkorrak.
“Elkarbizitza demokratiko eta adiskidetze sozialaren faseari heldu nahi baldin badiogu, errealitate propiotik abiatu behar gara, gure erritmoetatik, bai, baina geldirik geratu barik, adostasun ahalik eta zabalenak sortzen dituzten konponbiderako dinamika barnerakoietan aurrera eginez”, nabarmendu dute.
Guztiak V. Foro Sozialean eztabaidagai izango dira, “Egia ezagutzeko eskubidea: aintzatespen mekanismoak eta biktimen erreparazioa” lelopean. Urriaren 5ean Iruñeko Planetarioan izango da hitzordua, eta urriaren 6an Bilboko Bizkaia Aretoan.
V. Foro Soziala behin amaituta, ondorioak idatziko dituzte, azaroan Gasteizen aurkezteko.