Politika -
Erorikoen Harana
Diputatuen Kongresuak onartu du Franco hilobitik ateratzea
Espainiako Gobernuaren lege-dekretuari babesa eman diote taldeek, diktadorearen momia Erorien Haranetik ateratzeko. PP eta Ciudadanos abstenitu egin dira.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak hobitik ateratzeko egindako lege-dekretua onartu dute gaur, osteguna, Diputatuen Kongresuan. Ez da sorpresarik izan eta aurrera atera dute talde guztiek babestuta, PPk eta Ciudadanosek izan ezik. Horiek abstenitu egin dira.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak lege-dekretuaren onarpena babestu du, "ez baitago bakerik justiziarik gabe" eta diktadorearen gorpuzkiak bere biktimenekin batera ehortziak izatea "anomalia ankerra" delako. Bestalde, PP eta Ciudadanos kritikatu ditu diktaduraren aurrean "albo batera" egin dutelako.
"Hobe arinago konpondu izan bagenu, baina 2007an Memoria Historikoaren Legea indarrean sartu zen eta atzerapena eutsiezina bihurtu da", esan Calvok.
Unidos Podemos eta alderdi nazionalistek ere dekretua babestu dute, baina dekretuaren garapena urria dela uste dute.
Hori dela eta, dekretuaren tramitazioan emendakinak sartuko dituztela iragarri dute alderdiok; esaterako, frankismoaren epaiak bertan behera gelditzea edo hobi komunetan lurperatuak izan zirenen gorpuak berreskuratzea eskatuko dute, baita Erorien Haranaren esanahia aldatu ere.
'Popularrek' eta 'laranjek', berriz, Exekutiboaren ekimena gogor kritikatu zuten, ez baitute uste ez lehentasunezkoa ezta egokia ere denik.
Francoren familiak ere kritikatu du Sanchezen Gobernua, eta Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea jartzeko eskatu dio Herriaren Defendatzaileari, abuztuaren 24an onartutako lege-dekretua "ilegala" eta "hilobiaren profanazioa" delakoan.
Francisco Franco Fundazioak ere ez du begi onez hartu Espainiako Gobernuaren asmoa. Epaitegietan helegitea jartzeko eskatu dio PPri, eta Kongresuan horren kontra bozkatzeko.
Gobernuaren aurreikuspenen arabera, Francoren gorpuzkiak urte bukaeran aterako dituzte basilikatik. Familiak non gorde nahi dituen zehaztu ezean, Exekutiboak erabakiko du non hobiratu.