Politika -
Datozen egunetan
Jaurlaritzak eta Gobernuak laster sinatuko dituzte helegiteak kentzeko akordioak
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, “Estatuak Euskadiren etorkizun politikoarentzako eredu integratzaile baten aldeko apustua egiten duenaren frogarik onena litzateke”.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren ahotan, legeen aurkako helegiteak kentzeko eta transferitzeke dauden eskumenak lagatzeko, Espainiako Gobernuarekin datozen egunetan sinatuko dituzten akordioak, “Estatuak Euskadiren etorkizun politikoarentzako eredu integratzaile baten aldeko apustua egiten duenaren frogarik onena dira”.
Euskal nazioaren berezitasuna eta Estatuarekin aldebiko harremana aitortzen dituen Kontzertu Politiko bat lortzea beharrezkoa dela errepikatu du lehendakariak. Urkulluren hitzetan, Eusko Legebiltzarrean dagoeneko lanean ari da, “aldaezina ez den legalitatea errespetatzen duen” status berri bat lortzeko. Legeak “herriaren borondatea errespetatu” behar duela gogorarazi du agintariak.
Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuarekin batera, Nazioarteko Zuzenbide eta Harreman Ikastaroen ikasleak eta arduradunak hartu ditu lehendakariak ostegun honetan, Lehendakaritzan.
Hitza hartu eta euskal autogobernuaren etorkizunaz mintzatu da Urkullu, Euskadik 1979ko Gernikako Estatutua indarrean duela gogorarazteko. Estatutuak autogobernua garatzeko aukera eman duela goraipatu du buruzagiak, “baina ez dute guztiz bete”.
“Gaur Gernikako Estatutua osorik betetzea, juridikoki zein politikoki, Estatuak Euskadiren etorkizun politikoarentzako eredu integratzaile baten aldeko apustua egiten duenaren frogarik onena litzateke”, ziurtatu du.