Politika -
v. immigrazio plana
Immigrazioaren gaineko eskumena 'ahalik eta gehien' garatzea bilatuko du Jaurlaritzak
Jaurlaritzak lan baimenen kudeaketa hobetu nahi du, besteak beste. Berdintasuna; eskubideak; diskriminazio eza; kulturartekotasuna; batasun soziala eta elkartasuna dira planaren ardatzak.
agentziak | erredakzioa
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak "2018-2020rako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. Plana” aurkeztu du asteartean. Planak 13.395.239 euroko aurrekontua du, eta immigrazio, atzerri politikan eta elkarbizitzan eskumen autonomikoak "ahalik eta gehien" garatzea bilatu nahi du, sustraitzerako baldintzetan eta lan baimenetan "arreta berezia" jarriz.
Artolazabalek, ala, plana aurkeztu du eta, adierazi duenez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin batera, "hainbat entitate eta erakundetako 120 pertsonak baino gehiagok" jardun dute elkarlanean.
Planean, Jaurlaritzak "Euskadin bizi diren pertsona guztien aukera-berdintasuna bultzatzen duen, sozialki kohesionatzen duen eta gizartean egoerarik ahulenean bizi diren kolektiboekin solidarioa den euskal gizartea eraikitzera" bideratuta dauden lehentasunezko ekintza-ildoak ezarri ditu planak.
Gainera, zehaztu dutenez, plana honako printzipioetan oinarritzen da: "berdintasuna, giza eskubideak, diskriminaziorik eza, kulturartekotasunaren elkarreragina, gizarte-kohesioa eta elkartasuna. Gainera, genero-ikuspegia eta euskara jaso ditu”.
Planak helburu estrategiko orokorrak, sektorialak eta bereziak ezarri ditu, "jardun-eremuak, horietako bakoitzean aurreikusitako ekintzak eta arreta berezia behar duten kolektiboak".
Hala, "hiru dira ezarri dituen lehentasunezko jardun-eremuak: hezkuntza, enplegua eta bizikidetza. Gainera, osasunari, etxebizitzari eta justiziari buruzko hiru eremu osagarri identifikatzen ditu".
Hiru maila
Beatriz Artolazabalek esan du plana “lortzeko, hiru neurri-mota ezartzen direla: estrategikoak, antolamenduzkoak eta programatikoak. Estrategikoen helburua da immigrazioaren hasierako eremuari berriro bere lekua ematea, kontuan hartuta orain eraldatuta dagoela, herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren espazio kontzeptual zabalagoan, arreta-gune eta ekintza politikoaren lan-gune nagusietako batean”.
“Antolamendu-neurriak herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan lan egiten duten eragile, instantzia eta erakunde guztiak jaso dituen sistema sortzera, abiaraztera eta garatzera bideratuta daude, modu antolatuan, sistematikoan, koherentean eta baterako helburuekin egiteko. Hamabost ekintza identifikatu dira", esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Neurri programatikoak direla eta, Artolazabalek azaldu du “lehentasunezko hiru ekintza-eremuetan sailka daitezkeen neurri zehatzak direla: hezkuntza-eremua (7 neurri), enpleguaren eta prestakuntzaren eremua (13) eta bizikidetzaren eremua (19). Gainera, beste hiru jardun-eremu osagarri ere identifikatu dira: osasunaren eremua (3 neurri), etxebizitzarena (bost) eta juridikoa (3).
Euskal gizartean, % 9,4
Artolazabalen esanetan, 2018ko urtarrilean, Euskadin bizi ziren herritarren % 9,4 atzerritarrak ziren. Zehatz-mehatz, 206.175 pertsona dira guztira, aurreko urtean baino 9.500 gehiago. Lurraldeka, Gipuzkoan % 8,8 kanpotarrak dira; % 9,5 Bizkaian eta % 11,3 Araban.
Sailburuak azaldu duenez, urtean 10.000 migratzaile heltzen dira Euskadira, "normaltasunez", eta "gizarte zerbitzuek eta entitateek haiekin lan egiten dute gure gizartera egiteko".