Politika -
EPAIA
Milaka herritarrek babesa adierazi diete Altsasuko gazteei eta haien familiei
Auzitegi Nazionalak atzo kaleratutako epaia ezagutu ondoren, Sakana osoko herritarrak bildu ziren atzo arratsaldean Altsasun, epaileak ezarritako zigorren aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehunka pertsona bildu ziren atzo Altsasun, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik herriko zortzi gazteri ezarritako 2 eta 13 arteko espetxe-zigorrak gaitzesteko.
Altsasuko herritarren babesa jaso zuten zigortutako gazteen gurasoek elkarretaratzean. Ondoren, manifestazioa egin zuten, zigortuak etxera itzul daitezen eskatzeko, "Muntai polizialik ez" lelopean.
Gazteen izenak oihukatzeaz gain, haien askatasuna eskatu eta justizia aldarrikatu zuten parte-hartzaileek.
Hainbat pankarta handi ipini zituzten Altsasuko kaleetan, kondenatuak gogoratzeko, espetxeak dauden hirurak askatzea eskatzeko, eta ezarritako zigorrak gaitzesteko. "13 urte muntai batengatik" salatu eta herriari kalera irteteko deia egin zieten.
Zortzi gazteen familiek iragarri zuten atzoko elkarretaratzea. Horrez gain, defentsako abokatuak epaiaren helegiteak aurkezteko lanean ari direla azaldu zuten, erabakia "astakeria" dela uste baitute, nahiz eta terrorismo deliturik ez egotzi.